argia.eus
INPRIMATU
Ez dizugu inkestarik egingo, telefono mugikorra bakarrik daukazu
  • Telefono bidezko inkestetan sakelako telefonoa baino ez dutenak baztertuz, populazioaren %20 eta %30 artean laginetik kanpo geratzen dela kalkulatu du Sara Pasadas del Amok Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlariak. Egin duen doktoretza tesiaren ondorio nagusia da, hain zuzen.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 18a
Sara Pasadas del Amo. (Arg: UPNA)

"Hauteskundeen aurreko inkestetan sakelako telefonoa baizik ez daukatenak baztertzeak oker nabarmenak sortzen ditu boto-asmoa kalkulatzean: eskala ideologikoan eskuinean dauden alderdien aldeko boto-asmoa goitik jotzen da, eta ezkerrean daudenen aldekoa behetik jotzen da", adierazi du.

Era berean, emaitzak “gizarte-bereizketaren” aldaeren arabera egituratzen dela nabarmendu du: “Arazo honek estimazio okerrak sortuko ditu gure herrian interesgarriak diren beste hainbat ikerketa sozial eta politikoen emaitzetan”.

Hauteskunde inkesten zehaztasun faltaren arrazoiak bi kategoriatan sailka daitezkeela azaldu du ikerlariak: “Alde batetik, inkesta egiten zaien hautesleen jokabidearekin lotutako faktoreak, hauetako batzuek gauza bat esaten dutelako inkestaren egunean eta beste bat egiten dutelako hauteskunde egunean; eta bestetik, inkesten diseinu tekniko-metodologikoarekin lotutako faktoreak”.