argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunde emaitzak faltsutzeagatik inputatu dute Trump
  • Ez da lehen aldia Donald Trump AEBetako presidente ohia epaitzen dutena. Oraingoan, ordea, lau kargu leporatuta inputatu dute. Horien artean, 2020ko hauteskundeen emaitzak faltsutzea eta 2021eko Kapitolioko erasoa sustatzea. Gaur pasako da epailearen aurretik.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 03a
Jack Smith fiskal bereziaren hitzartzea / Argazkia: The Washington Postpost

Beste behin inputatu dute Donald Trump AEBtako presidente ohia, eta guztira lau karguri egin beharko die aurre: AEBei iruzur egitea, botere aldaketaren prozedura ofiziala oztopatzea, bestelako trabak ezartzeko konspirazioa sustatzea eta herritarren eskubideen aurkako konspirazioak gauzatzea.

Aipatutako guztiek harreman zuzena dute 2020ko hauteskundeen testuinguruarekin. Izan ere, presidente ohiak hauteskundeak galdu bazituen ere, iruzur gisa aurkeztu zituen eta ez zion aitortu presidentetza Joe Bideni. Horri lotuta, zabaldutako gezur guztiak ondorengo Kapitolioko erasoa eragin zutela egotzi dio Fiskaltzak. Alderdi Errepublikanoko aholkulariek gomendatu zioten besteak beste Bidenen presidentetza aitortzea, nahiz bere iritziaren aurkakoak izan, etor ziezazkiokeen kargu judizialen indarra apaltzeko, baina ez zuen halakorik egin.

Jack Smith fiskal berezia izan da asteartean gaiaren inguruan azalpenak eman dituena: “AEBtako demokraziaren bidea oztopatzeko azpijoko baten autopsia da presidente ohiari egozten zaiona azaltzen duen txostena”. Kontrara, inputazioa kanpainaren erdian iritsi izana “ez dela kasualitatea” azaldu du Trumpek. Hala ere kanpaina egiten jarraitu ahalko du, AEBetako legediak hala baimentzen duenak.

Aipatu txostenaren esanetan, presidente ohiak bazekien hauteskundeak galdu zituela, baina gezur bidez konspirazioarekin jarraitu zuen. Gainera, beste pertsona batzuk ere parte-hartu zutela aipatzen du idazkiak: lau abokatuk, Justizia Departamentuko kide batek eta aholkulari politiko batek.

Beste hainbat kasu

Eitb-k auziperatuta dagoen edo egon den beste kasuen berri eman du. Jean Carrol idazleari sexu-abusuak egiteagatik kondenatu zuten. Stormy Daniels aktorearekin izandako sexu-harremanak ezkutatzeko legez kanpoko ordainketa egiteagatik ere auzipetu zuten. Azkenik, Floridako auzitegi batek 37 kargu egotzi zizkion AEBko Gobernuaren dokumentu sailkatuak gordetzeagatik.