argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunde autonomikoetarako hautagaiak aukeratzeko prozesuari ekin dio Podemosek
  • Igandean hasi du Podemosek Espainiako hauteskunde autonomikoetarako hautagaiak aukeratzeko prozesua. Martxoko azken astean egingo da ordezkariak aukeratzeko bozketa eta hilaren 31ean jakingo dira emaitzak.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 03a
Laura Perez izendatu berri dute Nafarroako Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi. (Argazkia: eldiario.es).

Primarioen prozesua irekita dago eta zerrenda irekiak osatzeko aukera ere badago. Martxoaren 8ra bitarte epea dute bozketara aurkeztu nahi duten herritarrek Podemosen barneko zirkulu edo talde baten babesa jasotzeko. Ondoren, martxoaren 5etik 8ra arte eman ahalko dute izena hautagaiek prozesuan.

Hilaren 19raino behin behineko hautagaitzak ikusi eta berrikusteko aukera egongo da eta azkenik, martxoaren 20ean ekingo diote barne kanpainari. Fase hau hilaren 29ean amaituko da eta bitartean hautagaitzak bozkatzeko aukera izango da, 25etik 29ra arte. Azkenik, martxoaren 31ean ezagutaraziko dira Podemosen izenean hauteskunde autonomikoetara aurkeztuko diren hautagaien izenak.