Pasa da Diada jendetsua eta Kataluniako kurtso politikoa ofizialki hasi. Parlamentuan politika orokorreko eztabaida egin dute eta hemizikloan egin duen lehen hitzaldian, Artur Masek berretsi du azaroaren 9an kontsulta deituko duela. Ñabardura esanguratsua egin du ordea.
Ostegun honetan onartuko dute Kontsulta Legea parlamentuan. Galdeketaren alde dauden alderdi politikoekin kontsentsuz egingo dela nabarmendu du presidenteak; baita akordio hori “delikatua” dela ere, eta ondo zaindu behar dela.
“Egiten ari garenak askoren borondateari erantzuten dio”, Masen hitzetan.
Galdeketa ez dela juridikoki loteslea ere gogora ekarri du eta beraz, haren ondorioak politikoak izango direla. “Konfiantza daukat azaroaren 9an berme demokratikoekin bozkatu ahalko dugula”.
Jarraian, agintaldiaren erdira iritsi dela gogora ekarri du presidenteak. “Gustatuko litzaidake, ahal balitz, agintaldia bukatu ahal izatea”.
Uler liteke “ahal balitz”, horrekin plebiszitu hauteskundeak egiteko aukerari zirrikitua zabaldu diola, “baldintza demokratikoetan” bozkatzerik egongo ez balitz –hau da, Espainiako justiziaren baimenarekin– Generalitateak bestelako irtenbideak hartuko lituzkeela iradoki duela.
Madrili kritika nostalgikoa
“Kale itsu batean sartu gara. 2010ean Estatutari buruz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman zuen epaiak kataluniar gehienak kanporatu zituen itun konstituzionaletik”.
Espainiako bi alderdi nagusien artikulazioa CiU zen garaia gogora ekarri du, Kataluniak “beti Espainiarekin kolaboratu” izan duela nabarmendu eta Trantsizio politikoa, Konstituzioa, Europar Batasunean sartzea edo hainbat gobernuri emandako egonkortasuna azpimarratu.
Baina orain “nekatu egin da Estatuak tratatzen duen moduaz”, Masen arabera. “Geroz eta kataluniar gehiagok deskonektatu dute Estatu horretatik”.
Azken hiru Diadetako manifestazio jendetsuek ere izan dute lekurik hitzaldian. “Ilusionatutako” kataluniarren agerraldiak izan direla uste du eta Espainiaren krisiaren testuinguruan kokatu ditu mobilizazio horiek. “Egoera horren aurrean Espainiako Gobernuaren estrategia argi dago: denari ezetz esan”.
Ekonomia eta kudeaketa, gai nagusiak
Agerraldian ekonomiaz hitz egin du batez ere, burujabetzaz gain bestelako kontuak ere esku artean dituztela argi uzteko, exekutibo kataluniarreko buruak berak era esplizituan esan duenez.
Alor horretan eman duen titular nagusia, honakoa: 2012tik Kataluniako langile publikoek kobratu ez dituzten aparteko ordainketak 2015ean berrezarriko direla. Erabakia Generalitatearen finantza egoeraren araberakoa izango dela zehaztu du, dena den.
“Kataluniak pilak jarri ditu”, hitzekin laburbildu du astelehenean defendatu duen tesi nagusietako bat: krisitik ateratzen ari direla. Besteak beste, presidenteak Espainiako Estatuak ezarritako defizit mailak salatu ditu, “arbitrarioak” direla esanez.
Ekonomia lehiakorragoa litzateke Katalunia horrelako mugarik izango ez balu, Masen ustez eta Madrilen eskaerei leporatu die bere gobernuak egindako murrizketak. Baina segidan horrelako politikak babestu ditu, Alemanian eta Frantzian ere krisiari erantzuteko antzeko bideak hartu dituztela seinalatuz.