argia.eus
INPRIMATU
Hausturez
  • Garuneko lesio bat daukat. Epileptikoa naiz. Depresio dei geniezaiokeen gauza bat bizi dut. Eta militantea naiz. Gauza hauetako asko ez dira bereziki ebidenteak izan. 14 urterekin ikasle mugimenduan hasi nintzen, eta zuetako asko bezala, ordutik batean edo bestean milaka saltsatan ibili naiz, bereziki kulturarekin zerikusia zutenetan, baina ez soilik. Nire outsidertasun guztiekin, nahiko militante tipikoa nintzen. Hausturak eman ziren arte.

Eneko Oroz 2018ko azaroaren 06a

Presente daukadan haustura bat, erabaki dramatikoagatik,  behin asanblada batean akta hartzea tokatu zitzaidanekoa da. Horrek sortu zidan barne kaosarekin taldea utzi nuen, akta hori hartzeko eta pasa zena transmititzeko ezgai sentitzearekin batera.

Osasun mentaleko zerbitzuetara abonatua egon naiz. Frakaso eskolarra daramat tatuatua ariman. Eta halako batean konboa etorri zen. “Desgaitua zara”. Ez naiz ona eskulanetan, ez naiz fisikoki trebea, daukadan bakarra garuna da, eta matxuratua dago. Hostia, eta zein da orduan nire lekua? Mila zatitan hautsi nintzen. Nire bizitzaren zutabe garrantzitsu bat bizitza bizigarria bihurtzea zen. Ezin zen nire bizitza militantziatik aparte ulertu, eta bat-batean nik hor lekurik ba ote nuen galdetzen nion neure buruari. Ea inguru militanteek ba ote zuten ni hartzeko espaziorik.

Harreman ia guztiak eten nituen, zulo batean sartu. Zeinetik batzuetan ateratzen nintzen, konfiantza handiegirik gabe. Baina gradualki gutxiago. Azkenean zuloan geratu nintzen arte. Harreman guztiak (bat ezik, esan liteke) etenda, indarrik gabe, garaituta.

Eta mundu guztia, harremantzeko modua, bizi planteamenduak, balantzaka. Zer-kristo-egiten-dut-nik-mundu-hontan.

Eta gauza bat etorri zitzaidan burura. Ez da ideia berritzailea, baina behar beste espresatu ez dugulakoan nago. Nola da posible erresistentziaren lurraldean, gatazka soilik bizi izan dugun mundu eta herri batean, elkartasuna eta elkarlaguntzaren lanketa eguneroko gauza den jendartean, nola da posible edozein borroka lantzeko taldeak ditugun herrian ez egotea saiakera kolektibo argirik geroz eta gehiago ematen den osasun mentalaren haustura eta bakardade eta isolamendua borrokatzeko? Ojo, nik ez daukat erantzun argirik, baina galdera hau egin behar zela sentitzen nuen aspalditik.

Bakartuak, arima suntsituak bazterretara goaz, eta bazterretatik inbisibilizaziora. Uda erdia negarrez, eta beste erdia kalera ateratzeko beldurrez pasa dut. Ez naiz. Hau da, jendarteak bere burua aztertzen duenean kapa ikusgarriak hartzen ditu kontuan, eta hau ez da. Gainera isolamenduaren ondorioz askotan modu pertsonalean bizi dugu problematika kolektiboa dena, eta soluzioa ere kolektiboa izango duena. Mugimendu feministak askotan erakutsi digun moduan, pertsonala politikoa da.

Hitz egin da kolektibotasunaz, baina beldur naiz pentsamenduetan ez nuke esango, baina ekintzetan kolektibotasun hori zenbakietan ematen ote zen. Hau da, kolektibo gara hainbat garelako, eta kolektibo gara hainbat garen artean. Eta hazi gara ikusten gutako norbait apurtzen bazen traizio moduan bizitzen zela. Edo akomodatua. Edo saldua. Kolektibotasunaren kontzepzio militarregia ez ote dugun (izan?). Hausten bazara, ba eutsi edo traidore. Eta horrek jende asko aldendu izan dezake espazio militanteetatik (”ez da niretzako”) ez horrenbeste mundu ikuskera ez konpartitzeagatik, hauskorrak edo inkonstanteak izateagatik baizik, berdin dit zein arrazoirengatik.

Kolektiboa askotan antolakuntzan jartzen dugu. Hau da, kolektiboa mugimendu baten kideak dira. Eta agian maila bat jaitsi beharko genuke, kolektiboa herria bilakatuaz. Horrela, bakardadearekin edo osasun mentalarekin lotura duten gatazkak gure jo puntuan hartuko genituzke bete-betean, eta herritarron arteko elkartasun sareen garatzean pauso sakonagoak eragin genitzake jendarte eraldaketaren bidean. Izan ere, kolektiboa mugimendura lotuaz, hausten den jendea deslotu egiten da. Eta deslotzearekin zuloratu. Eta zuloratzearekin desagertu. Berak, bere kabuz eta bere lan soilez hortik ateratzea lortzen duen arte, lortzen badu. Bitartean, mundu antolatua pertsona ez-hautsientzako pentsatzen dugu.

Hau nire filtrotik pasatua dago, baina badakit, ondo jakin ere, ez naizela bakarra antzeko egoerak bizi izan dituena. Eta susmoa dut horrelako egoerak esplizituki aipatuak izan diren inguruetan gauza intimo, eta beraz isolatuak bezala geratu ote diren. Bost mila pertsonari pasa bazaigu antzeko zerbait, baina gauza isolatuak bezala hartu badira, asko izanagatik ere apenas eragin dezake(gu), gauza pribatutzat bizitzen delako. Eta testu honen asmo zentrala hori da. Ea benetan pribatua den galdetzea, aliantzak sortzea. Begi kliska batez elkar konektatzea, konspiratzea. Publiko eta politiko bihurtzea dela lotsengatik, dela beldurrengatik, dela epaitua izateko arriskuagatik, edo bakardade sentimenduagatik hainbatek isiltasunean bizi izan duguna. Bestela gure espazioak gu gabe pentsatuak badira, kontziente edo inkontzienteki gu kanpoan utziko gaituztelako.

*Iraileko egun eder batean elkartutako konspiratzaileen ezinbesteko laguntzarekin.

Zuek gabe testu honek, beldur eta zalantza artean, ez luke argirik ikusiko.

 

Iritzi testu hau Klitto! atari digitalak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.