argia.eus
INPRIMATU
Haustura hidraulikoaren arriskuak ezkutatu zituen Arabako Foru Aldundiak
  • Gasteizko SER irratiko Iker Armentia kazetariak bere blogean jakinarazi du Arabako Foru Aldundiak ezkutatu egin zituela frackingaren arriskuez ohartarazten zuten txosten bi.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko martxoaren 21
Jaurlaritzaren asmoak betetzekotan, Subillana Gasteizko zelai honetan egingo dituzte eskisto gasa ustiatzea bideragarria ote den aztertzeko lehenbiziko bi putzuak. (Argazkia: Axier Lopez)

Armentiak gogoratzen duenez, iazko apirilean frackingari buruzko jardunaldiak egin ziren Gasteizen, bertako Udalak, Arabako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Jaurlaritzaren jarrera haustura hidraulikoaren erabat aldekoa izan zen –gogoan izan PSE-EE zegoela artean gobernuan, eta beraiek izan zirela gas ez-konbentzionalaren ustiaketa bultzatu zutenak-, eta Udala, aldiz, nahikoa uzkur agertu zen, teknikak dituen arriskuengatik. Foru Aldundiak, Alberto Cimadevilla teknikariaren ahotik, frackinga erabat segurua zela defendatu zuen, edo behintzat, ez ziola mehatxurik egiten Subillanako akuiferoari.

Alberto Cimadevilla Foru Aldundiko Ur Zerbitzuko Hidrogeologia Saileko burua da. Hitz haiek esan eta aste gutxira, maiatzaren 17an, frackingaren arrisku falta berresten zuen txostena sinatu zuen.

Iker Armentiak azpimarratzen du, ordea, apirileko jardunaldiak egin zirenean Arabako Aldundiak bere Ingurumen Sailak egindako txosten bi zituela mahai gainean –bata urte hartako otsailekoa, bestea martxokoa-, eta txosten horiek frackingaren arriskuez ohartarazten zutela, hala nola Enara ustiategiko proiektuari buruzko informazio eskasaz. Hiru txostenak, Ingurumen Sailak egindako biak eta gerora Cimadevillak sinatutakoak, osorik jarri ditu bere blogean Iker Armentiak. Hemen duzue, dokumentu berean jasota, haien kopia bat (pdf). Gaztelaniaz daude hirurak.

Txostenak berrienetik zaharrenera ordenatuta daude. Bigarrena, martxokoa, Maria Elena Gomezek eta Juan Abadek izenpetzen dute, Ingurumen eta Biodibertsitate Zerbitzuko buruak eta Ingurumen Ebaluazio eta Zuzentasun ataleko buruak, hurrenez hurren. Besteak beste, hau diote (euskaratzea gurea da):

“… erabilitako ur gehiena, gehigarri [kimiko]ekin batera, ez da berreskuratuko, eta horrek arriskua eragingo du lurrazpiko uretan; horri gaineratu egin behar zaio kanpora ateratzen diren eta gehigarriek kutsatu dituzten lokatzen arriskua, gerta bailiteke haien tratamendua desegokia izatea”. (Berriki, ikerlan batek jakinarazi du oso zaila dela ur horiek guztiz deskutsatzea).

“Sustatzaileak emandako ingurumen txostenean kontraesana dago fracking prozesuan lurretik aterako diren lokatzak tratatzeko putzuez [ez dago argi putzu horiek egingo diren ala ez]. (…) Helarazitako informazioarekin ezin daitezke ebaluatu ingurumen arloan izango diren ondorioak, ez eta konposatu kimikoek (…) lur azpian, akuiferoan, habitat naturaletan, espezieetan eta pertsonen osasunean izango dituzten ondorioak ere”.

“Kezkatzekoa da zulatze eta kitzikatze faseetan erabiliko diren gehigarrien marka komertzialei buruz dagoen ziurgabetasuna”

“Inpaktu geologikoak eta ingurumenari dagozkionak esanguratsuak izango dira akuiferoan”.

Bestalde, Nafarroa haustura hidraulikorik gabeko lurralde izendatzea eskatzen duen mozio bat onartu dute gaur Iruñeko Legebiltzarrean. Izquierda-Ezkerra taldeak aurkeztu du mozioa. PPk kontra bozkatu du eta UPN abstenitu egin da. Gainerako parlamentarioek mozioaren alde bozkatu dute.