Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua kaleratu du ARGIAko Bizi Baratzea sailean. Berau aurkezteko lehen hitzaldia azaroaren 7an Antzuolan emango du, artzaina artaldearekin bizi den Pikunieta baserria kokatuta dagoen udalerrian. Maria Eugenia Irazabalekin arituko da solasean. Hurrengo hitzaldia azaroaren 16an Urruñako Arotzenea ostatuan izango da, eta liburua idazteko prozesuan Idazle Eskolan tutore izan duen Tere Irastorzak egingo dio elkarrizketa. Hamar herritan izango da idazlea zuzenean entzuteko aukera.
Antzuolako Olaranen, 18:30ean. Horixe hitzordua Hausnarrean liburua aurkezteko. Josebe Blancoren herrikideek izango dute lehenik aukera liburu honetan eguneroko formatoan kontatu duena deskubritzeko eta egileari galderak egiteko. Antzuolako eskolan urte askoan irakasle izandako Maria Eugenia Irazabal izango du ondoan Blancok.
Azaroaren 16an, ostegunez, Urruñako Arotzenea ostatuan 18:30etan hasiko da bigarren aurkezpen-hitzaldia, eta hau ere berezia izango da, Tere Irastorza idazlea izango baitu solaskide. Irastorzari hitz hauek eskaini dizkio Blancok liburuan, eskertzen orrian: "Bidaia honek izan zezakeen Artizar bakarra -eta onena- zeu izan zara, Tere". Hitzaldiaren ostean artzainak bere liburuan xeheki aipatzen duen lanaren emaitza dastatzeko aukera izango da.
Artzainak bere ibilian bizi izan dituen paisaietatik eta harremanetatik abiatuta, Euskal Herriko hamar herri hauetan eskainiko du aurkezpen hitzaldia Blancok, datozen sei asteetan: Antzuola, Urruña, Arrasate, Lazkao, Azpeitia, Aniz, Derio, Durango, Gasteiz eta Larzabale.
Artaldearen zikloaren araberakoa izan da liburu honen erditze prozesua. Gaztarik egin beharrik izan ez duenean, udan, egin dizkio idazleak testuari azken tolesturak eta aurkezpen hitzaldiak arkumeak jaiotzen hasi aurretik emango ditu, urte bukaerara arte gutxi gora behera. Baina artzaina gogotsu dago hurrengo udaberrian, bi egunez behin gaztak egitea suertatzen ez zaion data horietan, irakurleekin aurrez aurre elkarrizketan aritzeko.
Beraz, zure herrian urte honen bukaera baino lehen edo hurrengo udaberrian edo udan hitzaldia antolatu nahi baduzu, idatzi bizibaratzea@bizibaratzea.eus helbidera.