argia.eus
INPRIMATU
‘Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain’ liburua argitaratu du Josebe Blancok ARGIAren Bizi Baratzea sailean
  • Josebe Blanco Alvarezek lehen pertsonan jaso du artaldearen urtebetea. Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura sistema... Hausnarketaz betetako lekukotasun hauek eguneroko oso berezian islatu ditu: gehienetan prosaz, batzuetan poesiaz. Euskaraz, pasarte batzuetan galizieraz ere bai. Artzainaren hiztegia eta urte osoko lanen taula ere baditu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2023ko urriaren 11
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan, azaldu du Josebe Blancok, ARGIAko elkarrizketan. Artzaintzaren imajinario estandarrean sartzen ez den artzaina dago Hausnarrean liburuaren orrialdeetan: emakumea, euskalduna, ekologista, barazkijalea... Bazterreko parajeetatik begiratzen die pil-pilean diren gaiei, arretaz.

Liburu berezia

Eguneroko berezi honen testuak ederrak diren bezala, begien gozagarri ere bada Hausnarrean: Eider Uribarrena Reyerok ilustratu du hilabete bakoitza, Dani Blancok argazkitan jaso ditu artzaina eta ardien arteko harremana eta Maitane Gartziandiak diseinatu du kolore finetako liburua.

22 euroan salgai dago dagoeneko ARGIAren azokan (nahiago duenak telefonoz ere eskatu dezake, 943 37 15 45 zenbakira deituta). Azaroaren 10 aldera iritsiko da etxeetara, inprentatik atera orduko. Gainerako dendetan azaroaren erdialdetik aurrera egongo da salgai.

Urriaren 22a baino lehen eskatuz gero, ARGIAko kideek merkeago erosi ahal izango dute.

Urriaren 22ra arte ARGIAko kideek merkeago, eta orain egiten direnek opari

Gaurtik hasi eta urriaren 22ra arte Hausnarrean liburua merkeago erosi ahal izango dute ARGIAko kideek, 20 euroan. Epe horretan kide egiten direnek, berriz, doan jasoko dute liburua.

ARGIAko kide bazara eta liburua erosi nahi baduzu, idatzi email honetara, beti ere urriaren 22a baino lehen: azoka@argia.eus edo deitu (0034) 943 37 15 45 zenbakira.

Urriaren 15a Emakume Baserritarren eguna da

Hausnarrean liburuak urriaren 15eko argitalpen data darama. Izan ere, urriaren 15a Emakume Baserritarren Eguna da.  Emakumea, langilea, lurraren zaintzailea... Hori guztia eta gehiago da emakume baserritarra eta hauen egoeraren berri eman du Leire Artolak, Funtsezkoak bezain ahaztuak erreportaje zabalean.

ARGIAren helburua kazetaritzaren esparrutik eragitea da, eta ingurumena, elikadura burujabetza zein agroekologia mugimendua gertutik jarraitzen ditugu, alternatiben berri emateko. ARGIAren Bizi Baratzea webgunean aurkituko dituzu gai horiei buruzko edukiak. Astean behin edukien bilduma jaso nahi duenak, doan harpidetu daiteke Bizi Baratzea buletinera. Eta Bizi Baratzearen Telegram taldera batuz gero, egunean behin jasoko dugu Jakoba Errekondok garai horretan egiteko proposatutako lan bat.

Ingurumenarekin errespetuz bizitzen laguntzen duten edukiak eta kazetaritza lanak zabaltzen ditu ARGIAk, baina horretarako, zenbat eta gehiago izan, orduan eta sendoago ariko gara lanean. Zuk ere proiektu hau indartu nahi baduzu, egin zaitez kide.