COVID-19ak eragin duen egoera gogorra munduko beste herri batzuk nola bizitzen ari diren jakiteko, hitzaldi zikloa abiatuko du Askapenak. Boterea nola berrantolatuko den eta internazionalismoak egin dezakeen ekarpena aztertuko dute hainbat gonbidaturen eskutik. Maiatzaren 9an izango da lehen saioa, Italiako Napoli Zero81ko bi kideren eskutik.
Berez gogorra den egoerari VOCID-19a batu zaiola eta horrek langileen bizitzak pobretu eta agintarien kontrola areagotu dituela adierazi du Askapenak. Horren aurrean, kapitalaren “azken erasoari” aurre egin behar diotela diote, “ofentsibarako eta eraikuntzarako garaia da, eta borroka internazionalista izan behar da herrion garaipenaren bermea”.
Hori horrela, internazionalismoak egin ditzakeen ekarpenak aztertzeko, datozen asteotan larunbatero hausnarketa internazionalistak abiatuko ditu Askapenak. Munduko hainbat herritatik ekarriko dituzte hausnarketak sarearen bitartez: Italiatik, Venezuelatik eta Palestinatik, besteak beste. Hitzaldiak Askapenaren Youtubeko kanalean izango dira ikusgai jatorrizko bertsioan.
Maiatzaren 9an emango diote hasiera, Italiatik. Napoli Zero81ko bi kide izango dira hizlariak. Youtubeko kanalean egongo da bertsio originalean, eta euskarazko interpretazioa nahi izanez gero ZOOM aplikazio bitartez egongo da horretarako aukera esteka honetan.