argia.eus
INPRIMATU
Haurreskoletako greba arrakastatsutzat jo eta mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute sindikatuek
  • Hiru eguneko greba deitua izan dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Haurreskola Partzuergoko langileek, eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek arrakastatsutzat jo dute. Eman duten datuen arabera, %70eko jarraipena izan du, nahiz eta gehiegizko zerbitzu minimoak, langile askoren greba eskubidearen urraketa, "greba desitxuratzeko hauen inguruko interpretazio interesatuak" eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna ere salatu duten asteazkenean hedabideetara igorritako oharrean. "Gure helburuak bete arte mobilizatzen jarraitzeko indarra eman digu", adierazi dute.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 24a
Haurreskolak Partzuergoko langileen protesta, Lakua aurrean. (Argazkia: Steilas)

Abenduan mobilizazio dinamika abian jarri zutenetik zortzigarren greba eguna izan dutela eta oraindik Eusko Jaurlaritzatik ez diela inork deitu adierazi dute. "Bitartean langileen lan-baldintzak okertu eta Haurreskolak Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute".

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek "mobilizazioekin jarraitzea baino ez zaigula geratzen azpimarratu nahi dugu", esan dute, bi hilabetez Jokin Bildarratz buru duen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren deirik jaso gabe egon direlako.

Aldi berean, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahaleginak salatu nahi izan dituzte. Bildarratz sailburuari haurreskolen inguruan "garbi hitz egin dezala" eskatu diote. Ondorengo galdera ere egin diote: Non geratu da Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz balcintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Euskao Jaurlaritzari egin zion eskaera? Eta erabateko doakotasunerako urratsak?

Azkenik, Haurreskolak Partzuergoak bizi duen gatazka laburbiltzeko beren aldarrikapenak zerrendatu dituzte: haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean, dauden akordioak errespetatu eta betetzea, lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea, irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea eta aurrekontuak handitzea.