argia.eus
INPRIMATU
Haurreskolako hezitzaileen lana goraipatu eta haien borrokarekin bat egin du guraso talde batek
  • Seme-alaben garapenean haurreskoletako hezitzaileek duten “ezinbesteko papera” azpimarratu eta euren lana eta inplikazioa goraipatu nahi izan du Donostiako Kattalin haurreskolako guraso talde batek. Haurreskolak Partzuergoko langileak greban diren honetan, negoziatzeko prest egon dadila eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, “negoziazio horren azken helburua haurrek jasoko duten kalitatezko arreta bermatzea” dela sinetsita.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko otsailaren 22a

“Guraso bezala jabetzen gara, eta gizarte gisa hala izan beharko luke ere, hezkuntzaren etapa honek garrantzi handia duela haurraren garapen osoan, hala nola, garapen psikomotorrean, afektibo-sozialean eta intelektualean, eta lehen urte hauetako bizipen orok erabat baldintza dezakeela euren etorkizuna. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu espazio hauek babestea eta kalitatea bermatzen jarraitzea”, dio guraso taldeak.

Erabakigarriak diren lehen urte horietan, haurreskolak bigarren etxea eta babesleku direla diote, eta hezitzaileak ezinbesteko erreferente. “Guraso bezala, gure umeak euren eskuetan uzten ditugu eta pozik eta lasai gainera”.

Horregatik guztiagatik, “Haurreskoletako Partzuergoari, Eusko Jaurlaritzari edo dagokionari eskatu nahi diogu haurreskoletako langileekin negoziaketarako eta elkarrizketarako prestutasuna erakutsi dezatela, baita bi aldeentzat duina izango den adostasunera iristea ere”.

Eskaerarekin bat egin eta sinatzeko aukera ematen dute lotura honetan. Bide berean, hezitzaileen aldarrikapenei laguntzeko taldea sortu zuen duela gutxi beste guraso talde batek, Irungo Iraun haurreskolan.

Otsailaren 22, 23 eta 24an greba eguna dago deituta Haurreskolak Partzuergoan. Honakoak dira langileen eskaerak: Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasa bukatzea, lanpostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea; eta aurrekontua handitzea.