Haurreskolako hezitzaileak kontatu dit ez dela soilik ezinean dabiltzala (baliabide nahikoa ez dutelako eta Eusko Jaurlaritzak ez duelako adosturikoa betetzen), sentimendu gogor bati ere egin behar diotela aurre: beren lana nola gutxiesten duten jasan behar izatea eta beren jarduna auzitan nola jartzen duten entzutea (“burbuila-taldeak ez ditugula errespetatzen esan digute; gezurra!”). Euren eskubideak borrokatzeko txiki eta ahul nahi dituzte, baina grebara doaz Haurreskolak Partzuergoko langileak.
Hezitzaileak kontatu dit lankidea ez dela betetzen ari dagokion ordu-murrizketa, ezinean dabiltzalako eta ezin dituztelako umeak botata utzi; azken finean, horretaz aprobetxatzen da administrazioa, agintariek jakin badakitelako baliabide nahikorik gabe ere ahaleginak eta bi egingo dituztela hezitzaileek, haurren zaintza eta heziketa bermatzeko. Tartean, entzun behar izan dute ez direla ongi egiten ari, ez dituztela esaterako burbuila-taldeak errespetatzen, “baina ondoko gelakoekin elkartu gabe daramagu ikasturte hasieratik!”.
Haurreskolako Partzuergoak indarrean duen lan hitzarmena ez da betetzen, ezta sinatuta dauden akordioak ere, hala nola ordezkapenak, eta irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan lan hitzarmen berriak negoziatzeko ateak zabaldu diren arren, negoziazioari ez zaio aterik zabaldu haurreskolen kasuan. Hala diote sindikatuek. COVID-19ak gestioan, pedagogian, prebentzioan… eragin dituen aldaketei aurre egiteko aurrekontu berezirik ez dutela eta langileen lan baldintzak okertu direla kritikatu dute.
“Pazientzia agortu zaigu”
Hori guztia dela-eta, erabat feminizatua den sektore honetako langileek greba dinamika berreskuratuko dute, haserre, oso haserre, daudelako. Abenduaren 10ean eta 16an dira hurrengo greba egunak. Berez urrian abiatu zituzten mobilizazioak, baina oraindik ez dituzte deitu mahai negoziatzailera. “Pazientzia agortu zaigu”.