argia.eus
INPRIMATU
Haurreskolak partzuergoko greba deialdiak %73ko jarraipena izan du, sindikatuen arabera
  • Steilas, LAB eta ELA sindikatuen esanetan "hainbat haurreskoletan plantilla guztiari kendu zaio greba egiteko eskubidea", baina hala ere deialdiak "erabateko jarraipena" izan du. Abenduaren 16an beste greba egun bat dute deituta eta "egoera aldatu ezean" mantendu egingo dutela jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 10a
Elkarretaratzea Bilboko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzaren atarian (arg.: ELA Hezkuntza)

Greba egiteko oztopoak salatu dituzte Haurreskolak Partzuergoko ELA, Steilas eta LAB sindikatuetako ordezkariek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zentroetan. Hala, ohikoan administraziotik ezarri ohi diren muga eta "gehiegizko" zerbitzu minimoez gain, partzuergoko gerentearen jarrera ere kritikatu dute: "Dekretuak dioena baino haratago doa gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, greba desitxuratzeko helburuarekin". Hala ere, sindikatuok emandako datuen arabera langileen %73k egin du bat grebarekin, hamarnaka elkarretaratze egin dira eta zenbaiten udalen eta familia askoren babesa jaso dute.

Azaldu dutenez, gerentziatik "eduki eta zentzurik gabeko bilera deialdiak" egin dizkiete eta mahai negoziatzailea eratzeko proposamena ere bai, greba albo batera uztearen truke. Abenduaren 22an bilduko da Haurreskolak-eko arduradunak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, baina kudeaketako langileen aurreakordioa soilik landuko dute, sindikatuen esanetan. "Ez dugu mehatxurik ezta txantairik onartuko, eta Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen dugu", azaldu dute.

Hala, abenduaren 22ko bileran beste hainbat puntu ere lantzea exijitu dute: ordezkapenak betetzea, lan-hitzarmen berriaren negoziazioa oinarritzea aurretik sinaturiko akordioetan, Osakidetzak Haurreskolak ere hornitzea Covid-19tik babesteko ekipamenduz...

Euren ustez, oraingo kudeaketaren ondorioz eta aurrekontu eskasa dela-eta "hezitzaile eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira". Gatazka horren "giltza" Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak duela ziurtatu dute: "0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere".

Egoera aldatu ezean abenduaren 16rako deituta dute beste greba egunarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute langileen ordezkariek.