argia.eus
INPRIMATU
Haurreskolak Partzuergoan greba egingo dute abenduaren 10ean eta 16an
  • LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deitu dute greba: "Aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoan indarrean dagoen Lan Hitzarmena eta sinatuta dauden akordio desberdinak ez dituela betetzen onartu du Zorione Etxezarraga Partzuergoaren gerenteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean" adierazi dute. Eta ikasturte honetan oraindik mahai negoziatzailea elkartu ez denez, "pazientzia agortu" zaiela. Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala ere eskatzen dute.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 24a

Hauek dira sindikatuek grebaren bidez hauspotu nahi dituzten eskaerak:

Haurreskolak Partzuergoaren kudeatzaileari, lan-hitzarmen eta akordio desberdinak berehala betetzen hasteko konpromisoa har dezala: desplazamendu gehiago ez gauzatu, aparteko orduen erabilera bukatu, ordezkapenak bete eta abar. Sindikatuek salatu dute gainerako hezkuntza sektoreetan lan-hitzarmen berria negoziatzeko prozesuak hasi direla eta Partzuergoan, aldiz, ez.

Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari beste eskaera hauek egin dizkiete: Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean sartzea; hurrengo urteko aurrekontua handitzea "Legebiltzarrak eskatutako doakotasunean urratsak emateko, lan-hitzarmen eta akordioak bete ahal izateko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatu ahal izateko". Eta irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen NBEen horniketan Haurreskolak Partzuergoa sartzea.