"5/03-2023 Erabakia, martxoaren 22koa, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearena, zeinaren bidez onartzen baitira Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza, funtzionamendua eta haurren izen-emate arauak 2023-24 ikasturterako" dokumentuan, hurrengo urtean partzuergoko haurreskoletan emango diren aldaketak jasotzen ditu.
Behin eta berriz entzun dugu prentsan, irratian eta telebistan 2023-2024 ikasturtetik aurrerako partzuergoko haurtzaindegien doakotasuna. Doakotasun horrek, baina, letra txikiz idatzitako hainbat eta hainbat aldaketa ditu, zeinak gurasoon beharrak ez dituen inolaz ere asetzen.
Aldaketen artean dugu, alde batetik, matrikulazioa egiterako orduan gurasoen lan egoeraren menpekotasuna. Hau da, umearen matrikulazioa egiteko, gurasoek derrigorrez lanean egon behar dute; ezin dira gurasotasun baimenean edota haurren zaintzagatiko eszedentzian egon, horrek dakarrenarekin.
Urteetan kontziliaziorako lortu diren aurrerapauso guztiak blokeatzen ditu Haurreskolak Partzuergoaren agindu berri honek eta aurrera beharrean atzera goazenaren zantzua dugu
Bestalde, barematzeko erabiltzen diren irizpide batzuk ere askotan zentzugabeak dira. Ordutegian eta horren malgutasunean murrizketa esanguratsuak egingo dituzte, eta familien kontziliazioa erabat baldintzatuko dute. Azkenik, gutxieneko asistentziaren betebeharra ere egongo da kaleratua ez izateko.
Haurreskola Partzuergoko matrikulazioko aldaketa horiek guztiak tarteko, Oñatiko Txiki Txoko Haurreskolako egoera ekarri nahi dugu orain aditzera, eta bertako hainbat kasuistika azaldu:
- 0-1 urteko gelan matrikulatua izan nahi zen ikasle baten aitak lau asteko aitatasuna oraindik hartu gabe duenez, ez da onartua izan. Familia bakoitzak daki noiz behar dituen aste horiek hartu kontziliazio egokia emateko, eta egoera horrek lau aste horiek irailean hartzera behartzen du aita. Hori edota aiton-amonen edo kontratatutako pertsona baten beharra izatera haurra zaintzeko.
- 1-2 urteko gelan 2022-2023 ikasturtetik ia bertan dauden bi geletako plazak beteta zeudenez izena eman duten 20 familiatatik 14 hasiera batean itxaron zerrendan egon dira. Partzuergoak beste gela baten irekiera onartu duenez, azkenean onartuak izan dira guztiak. Plaza guztiak, baina, beteta daude eta inork ikasturtean zehar matrikula beharra izango balu ezingo luke.
- Irekitako gelak oraindik ez du bermatzen irailaren hasieran bertan hasi ahalko direnik. Udala obraren gainean egongo da eta ahalegin guztiak egingo ditu, baina airean dago eta familiek kezka dute.
Familien kezkekin jarraituta, ondorengo hauek ere baditugu:
- Ordutegiaren murrizketak ez du familia eta lana bateratzen laguntzen. Kanpoan lan egiten duten familia asko daude eta horiek ez dute nahikoa planteatzen den ordutegiarekin haurraren kontziliaziorako, are gehiago bi edo ume gehiago izanez gero. Kasu horietan, gainera, umeak bi eraikin desberdinetan izan eta ordutegi berean batu edo utzi behar badituzu ezinezkoa da biengana iristea. Gainera, partzuergoa jakitun da ordutegi horrek ez dituela familia guztien premiak asetzen. Badakigu, gainera, esperientzia pilotu bat egin dela hiriburuetan 19:00ak arteko ordutegiarekin eta ez dela batere arrakastatsua izan. Zergatik ez banatu hiru ordu horiek goizean lehenago ireki eta arratsaldean beranduago jasotzeko aukera eskainita? Partzuergoak matrikulatutako haurren ordutegiak aztertu omen ditu, eta ikusi dute planteatzen den ordutegia dela gehien aukeratzen dena. Baina hori aiton-amonen edota ordaindutako beste pertsona batzuen beharraren ondorioa da. Laguntza horiek ez dituzten familiek zer egingo dute? Partzuergoak berak familiek duten murrizketarako edota baimenak hartzeko aukeraz hitz egiten du, baina familia bakoitzaren egoera sozioekonomikoa zein den bakoitzak ezagutzen du eta horretan ezin gara oinarritu.
- Matrikulaziorako planteatzen diren irizpideak (baremoak) ere oso eztabaidagarriak dira. Adibide moduan, herrian edo herritik kanpo lan egitearena daukagu. Lehenak gehiago puntuatzen du bigarrenak baino, baina beharra bigarren kasuan handiagoa da.
Urteetan kontziliaziorako lortu diren aurrerapauso guztiak blokeatzen ditu agindu berri honek eta aurrera beharrean atzera goazenaren zantzua dugu.
Zerbitzu publikoa eta unibertsala behar dugu izan, ordea, doakotasunak ezin du suposatu familiak kanpoan uzteko pentsatuta dagoen proposamen baztertzaile eta mugatzailea. Are gutxiago familien eskubideak urratzen dituena.
Horregatik guztiagatik, eskertuko genuke Partzuergoak familien eskariak eta beharrak ongi aztertzea eta beharretara egokitzea.
Oñatiko familiak: Maialen Barrena, Angel Lera, Xabier Narbaiza, Ander Zabaleta, Ane Anduaga, Josune Benito eta Haizea Etxebarria