Bi urtez gaia ikertu ondoren, The Guardianek erreportaje bat argitaratu du, haurrak salerosten dituzten gaizkileek Facebook eta Instagram plataformak erabiltzen dituztela salatzeko. Sexu trafikotik bizirik atera diren adingabeei laguntzen dien Courney’s Houseko Tina Frundt sortzailea elkarrizketatu du hedabideak, haurra zenean saldua izan zena.
Meta enpresa erraldoia Facebook eta Instagramen jabe da eta sexu trafikoari aurre hartzeko politika ugari ditu. Baina azken bi urteetan, Facebook eta Instagram haurren saleroketarako plataforma nagusiak bihurtu dira, The Guardianek egindako elkarrizketen, bizirik atera direnen testigantzen eta AEBtako dokumentu judizialen arabera.
Drogaren eta Delituaren Aurkako Nazio Batuen Bulegoaren (UNODC) arabera, Internetek pertsona trafikatzaileei aukera ematen die bezeroak eta biktimak aurkitzeko, eta haurrei zuzentzen zaizkie sare sozialen bidez. Facebook, handiena, 3 mila miloi pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute mundu osoan. 2020an, Human Trafficking Instituteren txosten baten arabera, Facebook izan zen gehien erabili zen sare soziala haurrak errekrutatzeko.
Haurren salerosketen testigantza gordinak
Washington kanpoaldean dago Courtney's House. Frundtek eta bere taldeak ahaleginak egin dituzte bi pisuko etxea familia-etxe gisa senti dadin. Frundt ere saldu egin zuten neskatoa zenean. Haurren trafiko-salerosketaren aurkako defendatzaileetako bat da orain.
The Guardianek egindako elkarrizketan, Frundtek esan du orain gazte batekin hitz egitean lehenengo Instagram kontuaz galdetzen diola. Era berean, berak dio etengabe eskatzen diola Instagrami kontuak ixteko eta haurren esplotazio edukia kentzeko.
Poliziak edo gizarte zerbitzuek Frundti bidaltzen dizkioten haurrak sexualki esplotatuak eta kontrolatuak izaten dira; senargai, proxeneta edo familiar batengatik. Ia salbuespenik gabe, abusu sexualak, pobreziak eta indarkeriak markatutako haurtzaroa dutenak izaten direla ziurtatu du.
Frundtek esan duenez, haur arrazializatuak dira Courtney’s Housera doazen ia guztiak, eta sexualizatzen dituzten estereotipoen aurka borrokatzen ari direla. Desberdintasunari buruzko Lege Zentroak egindako azterlan baten arabera, helduek uste dute pertsona beltzak sexu ezagutza handiagoa dutela.
Frundtek neska baten kasua kontatu du. Haren arabera, gizon batek eskatu zion biluzik posatzeko eta Instagrameko pasahitza emateko, argazkiak bere profilera igo ahal izateko. Frundtek dio neskak esan ziola gizona Instagrameko profila erabiltzen ari zela sexu harremanak izateko, eta denbora gutxian, sexu erosleak zuzeneko mezuak bidaltzen hasi ziren bere kontura, hitzordu bat egiteko asmoz.
Goiz batean, Frundtek emakumea kalean aurkitu zuen, erdi biluzik eta nahastuta. Neskak azaldu zionez, aurreko gauean, sexu erosle batek bere borondatearen auka eraman zuen eta taldean bortxatu zuten. "Beldurtuta zegoen eta bere buruari botatzen zion errua. Lan asko egin behar izan nuen errua ez zela berea konturatzen laguntzeko", esan du Frundtek The Guardianek egindako elkarrizketan.