argia.eus
INPRIMATU
Haurren parte-hartzea birpentsatzeko jardunaldiak: “Iritzia eskatzera mugatu behar da parte-hartzea?”
  • Haurrei entzun eta iritzia eskatzera mugatzen den parte-hartzea nahikoa da? Haur guztiek berdin hartzen dute parte? Helduen molde asanblearioak dira horretarako egokienak? Txikitatik parte-hartzean hezi ez den gazteak badaki parte hartzen?... Galdera ugariren inguruan gogoetatu du Oinherri Herri Hezitzaileen Sareak, hainbat eragilerekin batera, eta horretaz guztiaz hitz egiteko jardunaldi irekiak antolatu dituzte, urriaren 28an.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 24a
Azarotik martxora lau herritan proiektu pilotua egingo dute, gogoetatutakoa praktikara eramateko asmoz. Argazkia: Oinherri

Herri hezitzaile bat ezinbestean herri parte-hartzaile bat izango dela sinetsita, parte-hartzea hasieratik izan da Oinherriren ardatzetako bat. Azken urteetan, baina, haur eta nerabeekin egindako parte-hartze prozesuen inguruan kezka sortu zaie, Maite Azpiazu Oinherriko kideak kontatu digunez: "Nork parte hartzen du eta nork ez? Nori aitortzen diogu parte hartzeko gaitasuna eta nori ez? Haur eta nerabeen parte-hartze prozesu hauetan ez al gara prozesua oso helduen moduetatik proposatzen ari? Parte-hartzea al da soilik haur eta nerabeei zer nahi duten galdetu eta zerrenda horrekin udalera joatea, bete dezan?".

Sei hilabetez gaiaz elkarrekin hausnartu dute Oinherrik, Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak, Emagin Bilgune Feministako ikerketa taldeak eta Joxemi Zumalabe fundazioak. Parte-hartzearen kultura birpentsatzeko marko berri baten proposamena utzi dute gogoetek, hiru puntu nagusitan oinarrituta.

Batetik, iritzia eskatzetik harago, haurren parte-hartzeak protagonikoa eta ahalduntzailea izan behar du haurrentzat beraientzat, dio Maite Azpiazuk: "Haurrak parte-hartzean heztea nahi dugu, gaitasundun subjektu politiko hori eraikitzeko eta parte hartzeko duten eskubidearen kontzientzia har dezaten, parte-hartze horren bidez komunitatearen parte bihur daitezen".

"Asanblada eta hitza oinarri izan ohi ditugu. Hortik ateratzeko saiakera bat proposatu da, haurrek hor ez baitute haurren modura parte hartzen, bihurtzen dira heldu txikiak, eta esaten digute entzun nahi duguna"

Horretarako, "haurtzaroaren kulturako beharrak izan behar ditugu kontuan: haurren erritmoak, mugitzeko beharra, jolasa eta ludikotasuna, espontaneitatea... Sortu behar dugu kultura parte-hartzaile ezberdin bat, helduona ez dena, ezaugarri horiek kontuan izango dituena. Bestelako ahots eta gorputzak ere eroso sentituko diren parte-hartze kultura sortu behar dugu, zeren helduon begiradatik egin ohi dugu, gure kasuan heldu euskaldun zurien kulturatik, asanblada eta hitza oinarri izan ohi dituena. Hortik ateratzeko saiakera bat proposatu da, haurrek hor ez baitute haurren modura parte hartzen, bihurtzen dira heldu txikiak, eta esaten digute entzun nahi duguna".

Ildo berean, intersekzionalitatearen gaiari garrantzia eman diotela azaldu du Azpiazuk, "bai baitakigu ez dela haurtzaro bakarra existitzen eta bestelako aspektu batzuek gurutzatzen dutela etapa hau ere (arraza, klase soziala, sexua...); horiek aintzat hartzea garrantzitsua da, parte-hartzea anitza izan dadin eta benetan ahots eta gorputz guztietara iritsi gaitezen".

Azkenik, herriko politika publikoetan haurren parte-hartzea txertatu nahi badugu, "hasi behar dugu lehenik intimitatean edo etxean parte-hartzean hezten, gero eskolan parte-hartzean hezten, eta azkenik, herrian edo komunitatean. Francesco Tonucci pedagogoak dioen moduan, sarri 10-12 urte betetzen dituzten arte haurrei ez diegu ezertan erabakitzen uzten, eta bat-batean alkatearengana eramaten ditugu eta esaten diegu parte hartu eta erabaki dezatela. Baina horrek eskatzen du txiki-txikitatik prozesu bat, parte-hartzean heztea badelako ahalduntze prozesu bat, norbera gai sentitzea parte hartzeko, komunitate baten parte izateko, eta horretarako gaitasun batzuk eta tresna batzuk eskuratzea, pixkanaka beste jauzi batzuk eman ahal izateko".

Sarri 10-12 urte betetzen dituzten arte haurrei ez diegu ezertan erabakitzen uzten, eta bat-batean alkatearengana eramaten ditugu eta esaten diegu parte hartu eta erabaki dezatela

Larunbatean, jardunaldiak

Horretaz guztiaz jarduteko, "Parte-hartzea haurtzaroaren kulturatik (bir)pentsatzen" jardunaldiak antolatu dituzte datorren larunbaterako, Oñatin. Ane Ablanedo arituko da, ARGIAn argitaratutako Haurrek irakatsi ahal baligute artikulua oinarri; intimitatean hezteaz arituko dira Txusma Azkona eta Alfredo Hoyuelos; eskola parte-hartzailearen inguruan hitz egiteko Antzuolako Herri Eskolako Maitane Basasorok eginiko ikerketa izango dute hizpide; eta Tonucciren Haurren Hiriko Argentinako Saretik Paula Querido izango da, Haurren Kontseiluan garatu dutelako metodologia bat haurtzaroaren kulturako beharrak oso kontuan hartzen dituena (jolasen bidez ateratzen den ideia zoro bat politika publiko nola bihurtu lantzen dute). Informazio gehiago, lotura honetan.

Marko berriaren pilotajea ere aurkeztuko dute jardunaldietan, azarotik martxora lau herritan proiektu pilotua egingo baitute, gogoetatutakoa praktikara eramateko asmoz. Horretarako, herri hautatuetako bakoitzean hiru hanka funtsezkoren ordezkariak inplikatzea lortu dute: udala, hezkuntza formal eta ez formala, eta herrigintza. Lau herrien izenak jardunaldietan jakinaraziko dituzte.