Pantailak 0-6an. Zertarako? solasaldiak antolatu ditu Hik Hasik, Haur Hezkuntzako hezitzaileentzat. Azaroaren 19an Barakaldon eta 20an Zumaian izango dira. Gaiaren inguruko hiru adituk hitzaldiak emango dituzte eta bi ikastetxetako esperientziak ezagutuko dituzte bertaratutakoek.
Hik Hasik 0 eta 6 urte bitarteko haurren pantailen erabileraren gaineko gogoeta egiteko jardunaldiak antolatu ditu, ostiralean Barakaldoko BECen eta larunbatean Zumaiako Zumaiena ikastetxean. Antolatzaileen esanetan, hezitzaile eta profesionalek gaiarekiko “egonezina” helarazi diete, eta jardunaldi horien xedea izango da informazioa ematea eta gogoeta sortzea. Formakuntza saioetan hainbat galderari helduko diote: “Aski hausnartu ote dugu zertarako eta nola erabili behar ditugun etapa horretan? Ba al dakigu pantailen gehiegizko erabilerak edota erabilera okerrak zer-nolako eragina izan dezakeen haurren garapenean eta erlazioetan?”.
Hiru hitzaldi eskainiko dituzte, eta ondoren bi ikastetxetako esperientziak ezagutaraziko dituzte; hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi dute. Lehen hizlaria Anna Ramis izango da, hezitzailea, pedagogoa eta pantailarekiko mendekotasun goiztiarrean aditua; pantailek Haur Hezkuntzan duten zentzuari buruz jardungo du.
Ondoren, Alvaro Beñaranek hartuko du hitza. Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua da eta ASEFOPeko (Praktika Psikomotorreko Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta presidentea. 6 urte arteko haurrek pantailen aurrean egoteko eta informazio hori kudeatzeko dituzten gaitasun psikikoen gainean hausnartuko du.
Azkenik, Amaia Arroyo HUHEZIko Hezkuntza Bereziko irakasle eta ikertzaileak teknologia digitalari helduko dio: haurrek behar duten gidaritza digitalaren inguruan mintzatuko da. Solasaldiak amaitzeko, Donostiako Axular Lizeoko esperientzia partekatuko dute, eta Eneko Jorajuria irakasleak azalduko ditu ‘10 egunez pantailarik gabe’ erronkaren nondik norakoak. Ipar Euskal Herrian gauzatu dute egitasmo hori, eta elkarrizketa honetan irakurri daitezke Jorajuriak gaiari buruz esandakoak.
Hik Hasiren jardunaldiak presentzialki nahiz online jarraitu ahalko dira, aurrez izena emanda hemen Barakaldorako eta hemen Zumaiarako.