Aisialdi orduak biderkatuta, haurrak entretenitzeko telebista eta tabletera jo ohi dugu udan. Pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez, baliabide gisa saihestu beharreko uneez… hainbat gogoeta jaso dituzte Criar.cat-en eta hona ekarri ditugu.
Zenbat ordu egunean? Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2 urte bete ez dituzten umeen kasuan ez lukete telebista ikusi behar ez pantailekin jolastu behar. 2-5 urte dituzten haurren kasuan, ez lukete pantaila aurrean ordubete baino gehiago eman behar egunean, eta zenbat eta gutxiago egon pantailari begira, hobeto. Kontua ez da hainbeste zer egiten duen pantailari begira dagoela, baizik eta zer ez duen egiten pantailari begira dagoenean, zenbat denbora kentzen dion jolasteari, esploratzeari, sortzeari…
Aspertzen ikasi behar da. Seme-alabak aspertzen diren bakoitzean pantaila aurrean jartzea saihestu beharko genuke. Aspertzea ere ikasketa prozesu bat da, erritmo berrietara egokitzeko, pazientzia eta autokontrola garatzeko, irudimenari lekua egiteko…
Tableta kentzean haserretzen da. Mugak jartzea ez da beti erraza eta haur askok sekulako haserrea hartzen dute tableta edo dena delako gailu teknologikoa kentzean. Adituen arabera, menpekotasuna dago erreakzio gehiegizko horren atzean. Aurretik bukaera momentu hori gestionatzen joatea da onena, adibidez hasieran esatea “kapitulu bat ikusiko dugu eta kito”, edo ohartaraztea “bost minutu barru itzaliko dugu”, alarma jartzea…
Kontua ez da hainbeste zer egiten duen pantailari begira dagoela, baizik eta zer ez duen egiten pantailari begira dagoenean, zenbat denbora kentzen dion jolasteari, esploratzeari, sortzeari…
Debekatu ordez, orekatu eta ondoan egon. Hori da aditu ugariren gomendioa: debekatu beharrean, kontsumoa orekatzea eta telebista haurrekin batera ikustea, komentatzea, edukien alde hezitzaileei eustea, erabilera zentzuzkoa egiten irakastea… Helburua ez da kontrola, babestea baizik.
Jateko orduan pantailarik ez. Pantailari begira jatea ez da aukera ona, familiarteko unea apurtzen du eta gainera hain daude hipnotizatuta haurrak, ez dutela kontrolatzen zer jaten duten, ez dakite beteta dauden ere. Hain justu, jaten ikasten ari denean txikiari pantaila jartzea da okerrena, eta orduantxe erabiltzen da gehientsuen, baina umeari eragozten ari gatzaizkio zaporeak eta testurak antzematea, jakietan arreta jartzea, koilara eta sardexka nola heldu ikastea…
Lokartu aurretik ere ez. Pantailen argiak ez du erlaxatzen laguntzen, alderantziz, eta lotara joan aurretik ez da gomendagarria telebista ikusten jartzea. Hobe da ipuin bat irakurtzea, adibidez.
Etxe bakoitzak bere formula. Etxeko helduok zenbat eta zein modutan kontsumitzen ditugu pantailak? Eta haurrek? Zein muga eta pauta dira egokienak, etxeko elkarbizitza sustatu eta pantailen erabilera arduratsua bestelako ekintzekin uztartzeko? Etxe bakoitza mundu bat da eta etxe bakoitzak egin behar du diagnostikoa eta bidea.