Gaizki edota behar bezainbeste ordu lo ez egitea normalizatu dugun arren, ondorio garrantzitsuak ditu, adinaren arabera ezberdinak. Loari minutuak lapurtzen dizkiogu helduok, denera heldu ahal izateko; umeen ordutegia berriz, “ez da euren beharren araberakoa, helduen premietara egokitua baizik”.
Lau haurretik batek ez du kalitatezko lorik egiten eta azken hamarkadan, batez beste, 24 minutu lo galdu dituzte, Eldiario.es-en jaso dutenez. Sarri, umeen ordutegiak helduen beharren araberakoak direla gogoratzen du artikuluak, eta nabarmentzen du gure bizitzako lehen bost urteetan zeinen inportantea den loa: txikitan, esna gauden bitartean gure organismoan “hondatu” dena konpontzeko balio du, lo egin bitartean sistema immunologikoa eraikitzen goaz oraindik ezezagunak diren infekzioen aurrean, eta hazkuntzaren hormona garatzen da.
13-18 urte inguruko gazteek gutxienez 9 orduz lo jarraian egitea ere inportantea da, nerabeak bizi dituen prozesu hormonal, metaboliko eta psikoneurologikoetako asko lo egin bitartean garatzen direlako, baina gazte kopuru handi batek ez du zazpi orduko loaldia gainditzen, artikulu honetan kontatu genuenez.
Faktore nagusi bat aipatzen dute adituek: mugikorrak eta gailu elektronikoak. Mugikorrari katigatuta, ordu gutxiago egiten da lo, baita okerrago ere, mezu, ohartarazpen eta estimuluekiko egonezin. Melatonina edo loaren hormona inhibitzen du argiak (baita pantailaren argiak ere), eta Gonzalo Pin medikuak ARGIAko artikulu honetan dioenez, nerabe baten erloju biologikoa argiarekiko askoz sentikorragoa da gauez, goizez baino, alegia teknologiarekin baldin badago gehiago kostako zaio lo hartzea, "eta teknologiarekin egon ohi da". Duela gutxi egin duten ikerketa nabarmendu du medikuak: nerabe batek mugikorrean batez beste lau mezu jasotzen ditu gauez.
Mugikorrari katigatuta, ordu gutxiago egiten da lo, baita okerrago ere, mezu, ohartarazpen eta estimuluekiko egonezin
Helduentzako gomendioa: 7-9 ordu artean
Heldutan ere, lo egitea ezinbestekoa da organismoarentzat, bai funtzio zerebral osasuntsu bat bermatzeko, bai egoera fisiko egokia ahalbidetzeko. Paradoxikoki, badakigu lo egitea garrantzitsua dela, baina eguneroko zeregin, kezka eta aisialdi uneei heltzeko minutuak kentzen dizkiogu loari. Zehazki, Eldiariok dioenez, 7 eta 9 ordu artean egin behar ditu lo heldu batek, baina Espainiako Estatuan 6,8 ordukoa da batez bestekoa, eta azken berrogeita hamar urteetan ordu eta erdi eta bi ordu lo artean galdu ditugu.
Espainiako Estatuko datuak esanguratsuak dira: helduen ia erdiak ez du kalitatezko lorik, lo nahasmenduak laukoiztu egin dira hamarkada batean, horietako hainbatek kronifikaturiko insomnioa du eta herritarren %11k lasaigarriak edo bestelako farmakoak hartzen ditu lo egiteko. Are, bentzodiazepinaren kontsumo handiena duen munduko lurraldea da Espainiako Estatua.
Maila kognitiboan, arretan, egoera animikoan, jardun akademikoan edo lanekoan, eta erabakiak hartzeko garaian eragiten du behar bezainbeste edo behar bezain ongi lo ez egiteak. Besteak beste, bihotzekoa, minbizia, obesitatea, diabetesa eta depresioa eragiteko aukerak ere areagotzen ditu loaldi kaskarrak, adituen esanetan.
Lo nahasmenduak laukoiztu egin dira hamarkada batean, horietako hainbatek kronifikaturiko insomnioa du eta herritarren %11k lasaigarriak edo bestelako farmakoak hartzen ditu lo egiteko
Lorazepam eta bentzodiazepinetara ohituta dagoen gizartean, insomnioaren arrazoietara jotzea aholkatzen da: bestelako gaitzik ote dugun, zein diren norberaren ohiturak, harremanak, zailtasunak eta kezkak, egunean zehar deskantsurako aukerarik baliatzen al dugun, ongi jaten eta ariketa fisikoa egiten ote dugun…