Iruñean errepide bat moztu eta jolasleku bilakatu dute hainbat orduz, Getxon klaseak eman dituzte parkean, beste leku batzuetan bizikletek hartu dute kalea; mota horretako 500 ekitalditan 150.000 lagun bildu dira han-hemenka, nagusiki Europan, asteburu honetan: haurrak aintzat hartuko dituzten hiriak aldarrikatu dituzte.
Autoak nagusi diren hirigintzaren ordez, guztiontzako pentsatuak dauden –eta guztiontzako seguruak diren– herri eta hiriak aldarrikatu dituzte joan den asteburuan, bestelako mugikortasun eredu bat sustatzen eta haurrak erdigunean jartzen dituzten hiriak. Euskal Herrian ere, gero eta ugariagoak dira filosofia hori jarraitzen duten ekimenak. Ez dira gutxi ikasleak eskolara oinez eta beren kabuz, lagunartean, joatea ahalbidetzen duten ikastetxe eta herriak; eskolara taldean lagunduta bizikletaz joateko Bizibusa egitasmoa ere martxan da hainbat tokitan; eskola-inguru seguru, osasuntsu eta hezkidetzaileak aldarrikatu izan dituzte Araban; hirietako espazio eta kaleen erabilera ludikoa eskatzen du Matxinada Eskoletan mugimenduak; umeak ardatz dituen Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea gero eta handiagoa da…
Kidical Mass mugimenduak helburu bera du: “Haur guztiak bizikletaz eta oinez seguru eta beren kabuz mugitzeko moduko hiriak behar ditugu, umeen lagun diren trafiko araudiak behar ditugu, herritar oro, zaurgarriak barne, aintzat hartuko dituzten hiriak”. Pasa den asteburuan, mugimendu honek deituta haur eta helduek modu ludikoan eta bizikletaz okupatu zituzten espazio publikoak, “jendeak espazio horiek beste begirada batekin ikus ditzan”.
"Haur guztiak bizikletaz eta oinez seguru eta beren kabuz mugitzeko moduko hiriak behar ditugu, umeen lagun diren trafiko araudiak behar ditugu"
Hiri eta herri ugaritan antolatutako ekintzetan, 150.000 parte-hartzaile zenbatu dituzte. Mapan kokatu dituzten ekintzen arabera (ikusi mapa behean), Euskal Herrira iritsi da aldarrikapena: Iruñean, Bustintxuri eskola ondoko errepidea itxi zuten eta jolasak egin zituzten bertan; Bilbon, San Inazio eskolako ikasle eta irakasleak ingurura atera ziren, auzoko beste eragile batzuekin batera jolastu eta esperientziak trukatzeko; eta Getxon, parke eta kaleetan klaseak eman zituzten.
Kidical Mass mugimenduak instituzioetan, hirigintzan eta mugikortasun araudietan eragitea du helburu, eta trafikorik gabeko espazioak, bidegorri sare integralak, bide seguruak, eskola-inguru ludikoak… eskatzen ditu, besteak beste.