argia.eus
INPRIMATU
Haurren kontrako sexu indarkeriaz jardunaldiak Leioako campusean
  • Hainbat datu gordin eman du EHUk, jardunaldiak testuinguruan kokatze aldera: lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek sexu indarkeria jasan dute 13 urte bete aurretik. Kasuen %90etan, haurraren familia edo inguru hurbilekoa da erasotzailea

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko azaroaren 21
Asteazkenean, hilak 22, egingo dira "Haurtzaroarekiko biolentzia sexualaren sekretua hausten" jardunaldiak, EHUren Leioako campuseko areto nagusian, goizeko 9:00etatik 15:00etara bitartean.

"Kontuan izateko datua da familia barruko sexu erasoen %2 baino ez dela ezagutzera ematen gertatzen ari den momentuan", diote EHUtik, jardunaldien "sekretuak hausten" helburuari men eginez.

Familia, isiltasun gotorleku

Hain justu, haurren kontrako erasoak ezkutuan geratzen direla nabarmendu du Eider Madina kazetariak ARGIAren 2.531. zenbakian plazaratutako erreportajean. "Adinez txikikoen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu", hasten da artikulua: "Sistema patriarkaleko subjektu zaurgarrienak diren heinean, ordea, badute berezko ezaugarri bat: sufritzen dutena ezkutuan gertatu eta geratzen da, erasotzaileak haien senideak direlako gehienetan". Isiltasun horrek, baina, ezin duela errealitatea desitxuratu kontatu diote ARGIAri Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak eta Eraikiz elkarteko pedagogo Aitziber Bañuelosek. "Indarkeria sufritzen duten umeak ez dira bat edo bi; guztiok omen dugu inguruan biktimaren bat, baita erasotzaile bat ere. Eta horrek beldurtu egiten gaitu, bazterrak ez nahastera bultzatu, arazoa konpontze aldera funtsezkoa denean gaiaz hitz egitea".

Erreportajea osorik irakurri.

Haurtzaroarekiko biolentzia sexualaren sekretua hausten jardunaldien egitaraua: