Jasanezina da. Hitz borobilak erabiltzen ditugu egoera salatzeko, oso larria baita Gasteizko Arantzabela ikastolako umeek zein langileek jasan behar dutena astelehenero. Azken egunetan egin izan dugun bezala, ikastolako patioan astebururo gertatzen diren gizabidearen kontrako jokabide eta hondamendiak plazara ekarri nahi ditugu, gure haserrea, nekea eta laguntza eskaera azaltzeko.
Astero argazki berdina gertatzen da: hesia gainditu eta ikastolako patioaren edozein bazterrean hondamendia eragin. Bazter askotan kale zurrutaren eta suteen arrastoak, kondoiak, kristalak, kakak, … Gutxi balitz, umeen jolastokia den horretan hormak zein pertsianak behin eta berriz grafitiekin atonduta daude, ezer berri margotzen bada, gainetik estaltzen baitute.
"Ikastolako patioan astebururo gertatzen diren gizabidearen kontrako jokabide eta hondamendiak plazara ekarri nahi ditugu, gure haserrea, nekea eta laguntza eskaera azaltzeko"
Bertako umeen gurasoon eta auzokideon artean kezka oso handia da, bandalismoa eta bortxakeria sustatu besterik ez dute egiten horrelako argazkiek. Salburua auzoan kokatuta dagoen ikastetxe honetan, leihotik begira eta inguruan dauden berdeguneak ikusi beharrean horrelako zikinkeriak eta sakailaketak ikusi behar al dituzte? Horrela hezi behar al da etorkizuna? Ikasgelan balore batzuk eta kanpora begira kontrako irudia ikusita, zer nolako etorkizuneko eragileak nahi ditugu izan?
Urteetan maiz deitu izan zaio udaltzaingoari egoeraren berri emateko eta, tarteka, kontrola areagotu badute ere, berriro guardia jaisterakoan, errepikatzen da.
Azken asteotan burrunba handia sortu da sare sozialetan, eta patioko irudiak zabaldu dira, azken hilabeteetan sortutako kalteen berri emateko. Orduan jaso da udaletxearen arreta berezia. Bere ustezko konpromisoa, aldiz, pertsianak eta hormak margotzera eta argiztapena hobetzera mugatuko da. Baita aspaldi eskatutako sarrera egokitua lortzeko arrapala bat jartzera ere. Eskertzen da, jakina, hobera egiten lagundu dezakeen ezer, baina kasu honetan agerikoa da ez dela nahikoa eta erroan dagoen arazoa horrek ez duela konponduko.
Egoera oso larria da eta konponbide egonkor bat eskatzen dugu instituzioen aldetik. Inplikazioa, zaintza eta erantzukizun handiagoa, alegia.