argia.eus
INPRIMATU
Haurren eta gaztetxoenen osasuna zaintzea eskatu du Haurrak ere bai plataformak
  • Espazio irekiak lehenestea, ratioak erdira murriztea eta irakaslegoari baliabideak ematea beharrezkoa izango dela uste du gurasoen erakundeak. Era berean, txikienei urruntze arauak eta musukoak ezartzea “onartezina” dela ondorioztatu dute.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 01

2020/2021 ikasturteari begira, balorazio zerrenda bat aurkeztu du Haurrak ere bai elkarteak, tartean hainbat proposamen eta salaketa azalduz. EAE eta Nafarroako hezkuntza ordezkaritzen protokolo “aldakorrak” ikusita, “osasun” kontzeptua “ongizate gisiko, mental eta sozialera” zabaltzea beharrezkoa dela uste dute.

COVID-19ak txikiengan duen eragin arina ikusita, Haurrak ere bai taldeak onartezintzat jo du ikastetxeetan 1,5 metroko distantzia soziala ezartzea, musukoak derrigortzea eta familiak ikastetxeko bizitzatik kanporatzea. Euren iritziz, ongizate sozialari “krisi eta isolamendutik haratago” begiratu behar zaio.

Heziketa zentroak

Umeen ratioa erdira murriztea, espazio alternatiboak dibertsifikatzea, irakaslegoaren formazioa bermatzeko baliabide materialak zein giza-baliabideak eskaintzea eta kanpo-espazioen aldeko apustua egitea eskatu dute ikastetxeetarako.

Enpresak

Lanpostuetan, berriz, haurren zaintza eta lana bateragarria izateko, umeak zaintzeko muga gabeko aparteko baimena, ordutegi malgutasuna eta amatasun zein aitatasunarentzako laguntzak beharrezkoak direla diote.

Gurasoek azken hitza

Derrigorrezko eskolaratzearen neurriek haurren ongizate fisiko zein mentala arriskuan jarriko balute, euren heziketaren gaineko azken hitza gurasoek izatea zilegia dela aldarrikatzen dute. Hala, familiek haurren heziketari dagozkien neurri egokienak aukeratzeko eskubidea izan behar dutela ondorioztatu dute.

Beldurraren aurka

Taldeak zenbait ondorio laburtu ditu, lehena, beldurrez hezitzea “pertsona ororen garapenaren eta osasunaren aurkakoa” dela, hain zuzen ere. Bigarrenik, “errespetuan, kooperazioan eta elkartasunean” oinarritutako heziketaren aldeko apustuan berretsi dira. Azkenik, “urruntze fisikoa, zatiketa eta beldurra” oinarri duen heziketaren aurka azaldu dira, eta horren ordez, haurtzaroa babesteko, “tratu ona” eta “errespetua” lehenesteko bidea jarraitzeko beharrizana azpimarratu dute.