argia.eus
INPRIMATU
“Haurren aurrean helduok heldu” euskararen erabilera soziala bultzatzeko ariketa antolatu dute
  • Euskaltzaleen Topaguneak helduen hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmo praktikoa abiaraziko du azaroaren 22ean, eta abenduaren 5era arte egongo da martxan. Haurren eredu diren nagusien artean euskararen erabilera areagotu nahi dute, etorkizunean hizkuntza-praktika horiek arau bihurtzeko.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 10
Ariketarekin lortu nahi dute haurrek barneratzea euskararen erabilera "normala" dela testuinguru guztietan. / Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea.

Gutxienez 80 herritako parkeetan, plazetan, terrazetan eta bestelako eremu informaletan “Haurren aurrean helduek heldu” ariketa hasiko dute azaroaren 22an. Bi astez 0-12 urte arteko umeekin harreman zuzena duten helduak euskara erabiltzera deitu ditu Euskaltzaleen Topaguneak, txikienek ikusi eta ikasi dezaten euskarak baduela erabilera soziala. “Zer entzun, hura erantzun”: guraso, zaintzaile, hezitzaile eta bestelako senide eta herritarrak “eredu” izatea nahi dute, eta testuinguru guztietan euskaraz mintzatzea “normala” dela erakustea.

Egitasmo horren bidez “euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du Topaguneak, euskarari “tinko” eutsita hiru egoeratan: euskaraz dakitenen artean euskara erabilita; lehen hitza beti euskaraz eginda; eta euskaraz ulertzen duen kidearekin euskaraz hitz eginda, baita solasaldi elebidunetan ere.

Euskaltzaleen Topagunearen esanetan, hizkuntza bat biziberritzeko hizkuntza hori belaunaldi gazteen erabileran errotu behar da, eta arau sozial bilakatu. Proposatu dute kaleko eremuez gain etxea ere euskarari eusteko gunea izatea, eta parte hartzaileei eskatu diete aurrez pentsatzeko non eta norekin egin nahi duten ariketa.

Kanpainarako egin duten bideoetako bat da honako hau: