argia.eus
INPRIMATU
Haurren aurkako sexu gehiegikeriak prebenitzeko protokoloa iragarri du Arartekoak
  • Udazkenerako iragarri du protokoloa EAEko Arartekoak, Eusko Legebiltzarrean 2018ko txostena aurkezteko egin duen agerraldian: helburua, administrazioen erantzuna koordinatzea haurren kontrako sexu gehiegikeri kasuak prebenitu, antzeman, biktimak artatu, erasotzaileak zigortu eta delitu hauek argitara emateko.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 03a

EAEn ez dago gai honi loturiko protokolorik eta hezkuntza, osasuna, justizia eta gizarte zerbitzuak koordinatuko dituzten mekanismoak martxan jarri nahi dituzte, Manuel Lezertua Arartekoak azaldu duenez. Sexu abusu kasu gehienak ez direla azalera ateratzen eta familia barruan ematen direla gaineratu du.

Argian jorratu genuen gaia, Umeen aurkako indarkeria. Familia, isiltasun gotorleku erreportajean.

Eskubide sozialak, kexa-espedienteen jomuga

Bestalde, Lezertuak aurkeztu duen 2018ko txostenaren arabera, Lanbideren funtzionamenduaz kexa ugari jaso zituen Arartekoak, zehazki diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzerakoan Lanbidek egindako jarduerei lotuta. Hala ere, 2017an baino kexa gutxiago izan ziren.

Arartekoak bideratu zituen kexa-espedienteetatik %55ek baino gehiagok eskubide sozialekin zuten lotura. Sarri, denon berdintasuna bermatzeko politika publikoekin zuten zerikusia, eskubide hori lortzeko emakumeek, adinekoek, ume eta nerabeek, desgaituek, LGTB pertsonek, etorkinek, ijitoek… izandako oztopo eta eragozpenekin, txostenean zehazten denez.