Etxetik ezin atera, hainbat adin txikikok bizi duten egoera larriaz ohartarazi du Anar Fundazioak: laguntza eskatuz fundazioarekin anonimoki harremanetan jartzen diren Espainiako Estatuko haur eta gazteen kopuruak gora egin du konfinamenduan, eta haziz doa egunez egun. Artaturiko bost kasutik bi biolentzia kasuak dira.
Etxea, babesleku behar lukeen eremua, biolentzia iturri izaten ari da egunotan. Martxoaren 23tik, 475 laguntza eskaera jaso dituzte Anarren eta horietatik ia erdia (%43,5) indarkeria kasuak izan dira. Aipatzekoa, kasuen %3,5 sexu erasoak direla.
Kontsultek gora egin dutela eta egoera kezkagarria dela diote fundaziotik, egoera berrian biktimak ez duelako erasotzailearengandik aldentzeko aukerarik.
Harritu dituen errealitate bat ere nabarmendu dute: whatsapp edo email bidez jasotzen dituzten laguntza eskaeretatik batzuk (%1,7a) ez dira etxe barruan gertatzen, bizilagunengandik baizik. Liskarren bat ikusi eta kolpeak jasotzen bukatzen duten adin txikikoak dira edota bizilagunen erasoak pairatzen dituzten nerabeak…
Haurtzaroan espezializatutako abokatuez gain, psikologoen rola ere inportantea da kasu hauei guztiei erantzuteko orduan. Ez alferrik, antsietatea, tristura, norbere buruaren kontrako indarkeria eta psikologi artatu beharreko bestelako arazoak antzeman dituzte kontsulta ugaritan.