argia.eus
INPRIMATU
Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak
  • Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.

Olaia L. Garaialde 2024ko urriaren 04a
Maestras antzerki konpainia

Iragana oraina baino presenteago dauka, gauzak ahazten zaizkio, nahasi egiten da eta denbora ezberdin interpretatzen du. Horiek dira Arrain bat bezala antzezlaneko protagonistak, Marcialek, dituen zenbait ezaugarri. Maestras konpainiak sorturiko antzezlan bat da, eta helburua da artearen bidez haurrekin alzheimerra lantzea. “Argi nuen haurrekin landu behar dela. Zenbat eta lehenago landu, orduan eta gutxiago estigmatizatzen da. Izan ere, gaixotasun hau oso estigmatizatuta dago”, esan du Ana Maestrojuán zuzendariak. Eragiten dioten gaien inguruko gaiak lantzen ditu, eta gertuko pertsona bati alzheimerra diagnostikatu ziotenez, gaiari naturaltasunez heltzea erabaki zuen. Urriaren 5ean Azkoinen eta 6an Lizarran izanen dira azken ikuskizunak. Erdaraz dira azken saioak, baina asmoa da euskaraz emanaldi gehiago egin ahal izatea.

Zuzendariaren arabera, “antzerkia gizartearen isla” da. Horregatik, gertutik bizi duen normaltasun bat islatu nahi izan du: “Horrelako gaixotasunak dituzten pertsonez inguratuta bizi dira haurrak. Uste dut maitasunez, zorroztasunez eta antzerkitik landu daitekeela”. Antzezlanean ez dute esplizituki esaten protagonistak alzheimerra duela; izan ere, helburua da haurrek galdetzea zer gertatzen zaion Marciali: “Haurrek guk galdu dugun begirada bat daukate. Gainera, eskuzabalagoak dira eta ez daude horren kutsatuta”.

Antzezlana amaitzean haur askok galdetu egiten dute zer duen protagonistak, zergatik ahazten zaizkion gauzak eta beste gauza asko. Hori dela eta, helduei haurrekin alzheimerraz mintzako gakoak emateko hitzaldiak egiten dituzte ikuskizunen aurretik. Alzheimerra eta bestelako dementziaren bat dutenen Nafarroako senideen elkarteko profesionalak (Afan) arduratzen dira solasaldiez. Sorkuntza prozesuan ere aritu dira aholkularitza lanetan.

"Erantzunak zintzotasunez eta maitasunez ematea komeni da"

Sinplea, argia eta ulerterraza

Zuriñe Muzquiz Eslava Afan elkarteko psikologoak zenbait tresna azaldu ditu. Lehenik, nabarmendu du hizkuntza “sinplea”, “argia” eta “ulerterraza” erabili behar dela, eta adinari egokitutako mezua izan behar dela: “Konparazio sinpleak edo eguneroko egoerak erabil ditzakegu ideia konplexuak azaltzeko. Adibidez, alzheimerra buruan gertatzen den gaixotasun bat da. Gaixotasun honek oroimena eta pentsatzeko gaitasuna ahultzen ditu. Horregatik batzuetan gauzak ahaztuko zaizkio: Izenak, objektuak…”. Horrez gain, marrazkiak, ipuinak edota antzezlanak lagungarriak izan daitezkeela dio.

Haurrek egiten dituzten galderei lekua egitea eta ez saihestea garrantzitsua dela ere esan du: “Ezinbestekoa da haurrek sentitzea entzuten ditugula eta sentitzen duten edo pentsatzen duten guztia adierazteko aukera ematea. Erantzunak zintzotasunez eta maitasunez ematea komeni da ere”. Baina zein da unerik egokiena? Muzquizen arabera, haurra aldaketak nabaritzen hasten denean izan ohi da: “Garrantzitsua da azalpenak emateko unea lasai aukeratzea, haurra eroso eta seguru sentitzen denean”.

Horrekin batera, haurraren eta alzheimerra duen pertsonaren arteko harremana lantzeko ariketak ere egin daitezke; hala nola bizitzaren historiari buruzko jarduerak egin argazki bilduma baten bidez, puzzle sinpleak egin, marraztu eta musika entzun.