argia.eus
INPRIMATU
Haurrek krisi egoera hau nola bizi duten aztertzeko ikerketa abiatu dute
  • EHUko irakasle talde batek jarri du martxan ikerketa: lehenik, haurrei eurei eskatzen zaie nola sentitzen diren adierazteko, eta ondoren gurasoentzako –edo etxe horretan bizi diren helduentzako– galdetegia dator. Besteak beste, “familiei umeekin gaiaz hitz egitea ahalbidetuko dien lanabesa" izan nahi du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 31

Batez ere 4 eta 12 urteko haurrak dituzte aztergai. Prestatu duten formularioan, irudi bat marrazteko eskatzen zaie umeei, konfinamendu egoeran egiten dituzten gauzak eta faltan botatzen dituztenak marraztu ditzatela, eta irudia azaltzeko eskatzen zaie etxeko helduei. Umeari nola sentitzen den galdetu eta jasotakoa bidaltzeko ere eskatzen zaie helduei, eta azkenik, galdetegi bat betetzeko: haurrek duten espazioari buruz, emozionalki nola ikusten dituzten, jarduera fisikoari eta elikadurari lotutako galderak ere badira… “Gure helburua da umeak erdigunean jartzea, krisi honetan beraien hitza guztiz isilarazia baitago”, kontatu digu Nahia Idoaga proiektuko kideak.

Ingurukoen artean banatu dute galdetegia eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara ere bidali dute. Emaitzak jasotzen hasiak dira eta jendea parte hartzera gonbidatu dute: “Jasotzen ditugun erantzun kopuruak neurtuko du ikerketaren indarra. Jende askok erantzutea lortzen badugu, umeen egoeraren gaineko aldarria egiteko balio dezakeela uste dugu”.

Parte hartzeko, Kideon webgunearen goialdean dagoen laukian sakatu.