argia.eus
INPRIMATU
Haurrek futbolaz goza dezaten, gurasoei errespetua eskatzen dien arbitroa
  • Haurrek bezainbeste –edo gehiago– gurasoek behar dute oharra: umeen arteko futbol partiduak disfrutatzeko eta baloretan hezteko tartea dira, presiorik eta irainik gabe. Gurasoei hori gogorarazi eta errespetua eskatzeko umeen norgehiagokaren aurretik harmailetara hurbiltzen den arbitroaren bideoa azkar zabaldu da sarean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 03a

Errespeturik gabe ez dago dibertsiorik

“Pentsatzen dut nik bezala zuek ere nahi duzuela giro osasuntsua eta hezitzailea gailendu dadila, entzun eta ikusi behar ez diren gauzak ez daitezela entzun ez ikusi, haurrek partidaz gozatu ahal izatea, presiorik gabe. Denon artean bide hori egin dezagun, errespetutik, gazteek une on bat igaro dezaten, kirolaren bidez balore onenak jaso ditzaten –dio kirol epaileak–. Ezinezkoa da dibertitzea errespeturik ez badago, eta nik akatsak egingo ditut, ez dut beti asmatzen, saiatu arren”.

Labur baina zehatz, Ángel Andrés Jiménez da ikusleekin solasaldia duena; arbitro aritzen da Andaluziako haurren norgehiagoketan. Entrenatzaileekin eta jokalariekin eurekin ere solastatzen da, partiduaren aurretik oinarrizkoena argi uzteko.

Joko zelaitik 20 metrora

Azken finean, gurasoak oihuka, beren onetik aterata edota baita joka ere, ikuskizun tamalgarriak bizi izan ditugu behin baino gehiagotan haurren arteko futbol partiduetan. Horri aurre egin nahian, esaterako, Herbehereetan senideek eta gainerako ikusleek joko zelaitik 20 metrora jarraitu behar dute norgehiagoka eta animatu baino ezin dute egin. Bide bertsuan, Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak eta Brontxek komikia plazaratu zuten duela urte batzuk, guraso askok futbol zelaietan erakusten duten jarrera azaleratu eta haurrek kirolarekin disfrutatu egin behar dutela aldarrikatzeko.