argia.eus
INPRIMATU
Haurrek diseinaturiko parkea estreinatu dute Errenterian
  • Herriko ikastetxe guztietako eta aisialdi elkarteetako 2.000 haurrek hartu dute parte Errenteriako Txirrita parkearen diseinuan. Lehen aldia da herriko espazio publiko bat umeek diseinatu dutena. Emaitza: labirintoa, ura, eskalatzeko elementuak, egurrezko zirkuituak, toboganak…

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko uztailaren 21a
Argazkiak: BeƱat Irasuegi

Marea Gora Errenteriako haur eta gazteen plan estrategikoaren baitan, 4-12 urte arteko gazteek hartu dute parte prozesuan eta Unibertsolandia izena jarri diote parkeari, unibertsoaren iruditegia ardatz duelako, Udalak azaldu duenez. “Eremu hezitzaile, inklusibo eta dibertigarria diseinatu da”.

Hiru eremutan dago parkea banatuta: esperimentazio gunea, ura, harea eta labirintoarekin (batez ere 0-4 urteko haurrei bideratua); psikomotrizitatea oinarri hartuta eskalatzeko elementuak, aereoak, egurrezko zirkuituak eta salto-saltoak dituena (4-8) eta toboganak, eserlekuak eta elkartzeko espazioak dituena (8-12). Material organikoa hobetsi da eraikuntzan.

Haurren neurrirako herria

“Herri hezitzailearen bidean, haurren neurrirako herria eraikitzeko apustuan sakontzea” da helburua, diote Udaletik. Azken finean, gero eta gehiago dira Francesco Tonucci pedagogoaren filosofiarekin bat egiten dutenak: haurren neurrira pentsatu eta eraikitako herria, guztientzat onuragarria den eta guztien beharrak kontuan hartzen dituen herria da.

“Azkenean, ametsa egia bihurtu” dela azpimarratu dute Udaletik, eta ilusio berezia egiten diela haurren aisiari bideratutako proiektu honek, dituen berezitasunengatik.

Parkea irekita dagoen aurren, prozesuan parte hartu duten gazteekin inaugurazio jaia egiteko udazkenera itxarongo dute, pandemiaren bilakaerak hala ahalbidetzen badu.