argia.eus
INPRIMATU
Haurrek Debako liburutegian jasaten duten bazterketaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari
  • Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Egoera "aztertuko dutela" erantzun diete Liburutegi Zerbitzutik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko otsailaren 04a
Liburutegia Denontzat

Berriki kontatu dugu ARGIAn Debako liburutegian umeek jasaten duten bazterketa (eta udal gobernuak argudiatzen duena): 2 urtetik beherako umeak ezin dira liburutegian egon; 2-6 urte bitarteko haurrek 16:30etik 17:30era ez bada, gainerako ordu guztietan galarazita dute liburutegian egotea; eta 15 urte bete arte goizez ezin dute liburutegian egon (7-9 urte artekoek 16:30etik 19:00etara dute baimendua liburutegia, 10-15 urtekoek 16:30etik 19:45era). Umeen libururik ezin da eskatu beste liburutegi batetik (helduenak bai), ezin dute margorik erabili, apenas antolatzen den ezer haurrei zuzenduta…

Aspalditik egoera salatzen duen Liburutegia Denontzat herritar taldeak gutun bidalketa masiboa antolatu zuen joan den larunbatean. Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzura bidali dituzte eskutitzak, Debako Ostolaza liburutegia sare horren parte delako. Aurrez, udal gobernuarekin eta liburutegiko teknikariarekin behin baino gehiagotan hitz egindakoak dira, baina alferrik.

"Aurreratu digute ez dutela erraza ikusten esku hartu ahal izatea". Kontuak kontu, Liburutegi Zerbitzuari dagokio Euskadiko liburutegi publikoen kudeaketa

Liburutegia Denontzat ekimeneko kide batek ARGIAri azaldu dionez, "email-trukaketa izan genuen Liburutegi Zerbitzuarekin eta gaiari heltzekotan geratu ziren, baina Debako Udalak esan zuen liburutegiaren egoeraren analisia egingo zuela eta horren zain gelditu ziren. Azaroan, berriro ere harremanetan jarri ginen eta erantzunik jasotzen ez genuenez, joan den astean deitu genien. Esan digute aztertuko dutela, bilera bat egingo dutela eta erantzun bat emango digutela". Dena den, kezkatuta dago herritar taldea: "Aurreratu digute Liburutegi Sarearen legea nahiko orokorra dela eta hain orokorra izanda ez dutela erraza ikusten esku hartu ahal izatea, baina ikusi behar".

Kontuak kontu, Liburutegi Zerbitzuaren webguneak argi eta garbi dio: “Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuari dagokio Euskadiko liburutegi publikoen kudeaketa”.

“Hainbeste urteren ostean, berdin?”

Otsailaren 1ean herrian antolatutako gutun bidalketak harrera ona izan duela eta datorren ostiralean (otsailaren 7an) errepikatuko dutela adierazi digu Liburutegia Denontzat ekimeneko kideak. "Jende asko gerturatu da, espero genuen moduan 0-6 urteko haurrak dituzten familia asko, baina gure harridurarako, baita seme-alaba nagusiagoak dituzten familiak ere".

Debako liburutegiaren inguruko esperientzia ugari partekatzeko aukera izan dute, eta adibide esanguratsu bat jarri du: "Emakume batek kontatu digu seme-alabak orain unibertsitatean dituela, baina haurrak zirenean, txikiak ezin zuenez liburutegian sartu, liburutegi kanpoan egoten zela ezagunen bat noiz agertuko, txikia momentu batez zaindu ziezaiola eskatzeko, bitartean seme-alaba zaharrenarekin libururen baten bila liburutegira sartu ahal izateko. Gaur egun oraindik egoerak berdin jarraitzen duela ikusita, oso haserre gerturatu zitzaigun".

 Liburutegia Denontzat
 Liburutegia Denontzat