argia.eus
INPRIMATU
Haurrei zuzendutako zigarro elektronikoek alerta gorria piztu dute
  • Jostailu edo panpina itxurako eta goxoki zaporeko bapeatzaile edo zigarro elektronikoak ugaritu dira. Ohartarazi dute tabako industriak gaztetxoenak dituela jomuga, eta neurriak hartzen hasiak dira hainbat herrialdetan. Erabilera bakarreko bapeatzaileak debekatzeko asmoa agertu du berriki Frantziako Gobernuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 11
Kaltegarriak ez direla pentsatuz, toxikoa den produktu bat normalizatzen ari da adin txikikoen artean.

Menta, marrubi, bainila edo Coca Cola zaporeko bapeatzaileak aurki daitezke merkatuan, baita marrazki bizidunetako pertsonaien irudiekin ere. Bapeatzaile batzuek nikotina dute eta beste batzuek ez, baina bigarren horiekin arnasten den lurruna ere nikotinaduna bezain kaltegarria dela adierazi dute osasun adituek. Hainbat ikerketaren arabera, zigarroak erretzen 14 urteren bueltan hasten dira gazteak eta bapeatzen berriz, 11 bat urterekin.

“Gero eta haur eta nerabe gehiago dira tabako industriaren biktima; osasunerako arriskutsuak diren produktuen publizitate taktikak zuzenean eurak dituzte jomuga eta oso azkar mugitzen den industria da, araudi berriek muga jarri aurretik”, esana du Osasunaren Mundu Erakundeak.

Tabakismorako atea

“Litxarkeri dendek bapeatzaileak saltzen dituzte, marrazki bizidunen forma duten bapeatzaileak daude bilduma egiteko eta haurrei zigarro elektronikoak oparitzen zaizkie komunio egunean. 8 eta 9 urteko umeengan tabakismoa promozionatzeko kanpainak ikusten ari gara. Kaltegarriak ez direla pentsatuz, toxikoa den produktu bat normalizatzen ari da adin txikikoen artean, eta frogatuta dago tabakismorako atea dela”, salatu dute Espainiako familiako medikuen elkartetik.

Hainbat herrialdetan neurriak hartzen hasiak dira, adin txikikoei zuzendutako marketin horren aurka, baita bapeatzaileen erabilera adin txikikoen artean mugatu edo debekatu nahian ere. Ikastetxeetan bapeatzea debekatu dadin gomendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, ikasleak tabakismotik urruntzeko helburuz. Frantziako Gobernuko Osasun sailak berriki iragarri du asmoa duela erabilera bakarreko zigarro elektronikoak debekatzeko, horiek baitira haur eta nerabeen artean arrakasta gehien dutenak (merkeenak izan ohi dira).