argia.eus
INPRIMATU
Haurrei zuzenduta dauden iragarkietako genero estereotipo errepikatuenak
  • Jostailuen interneteko iragarkiek genero rol eta estereotipo gehiago erreproduzitzen dituzte, telebistako iragarkiek baino. Hori da Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egin duen txostenaren ondorioetako bat. Hamar estereotipo errepikatuenak zerrendatu dituzte, horien presentziaz konturatzea delako rolak apurtzeko lehen urratsa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko ekainaren 21

1- Ekintzak baldintzaturiko generoa. Alegia, neska eta emakumeek egindako ekintza gehienak estereotipo femeninoei erantzuten dietela, eta mutil eta gizonen ekintzek berriz, estereotipo maskulinoei.

2- Neskei zuzendutako produktuen ikuspegi onbera, edulkoratua eta pasiboa.

3- Mutilei zuzendutako produktuen ikuspegi biolentoa eta boteretsua, abenturari eta arriskuari lotuta.

4- Hizkuntzaren erabilera diskriminatzailea. Esaterako, neskak protagonista dituzten aztertutako bideoen %41ean diminutiboak erabiltzen dituzte.

5- Estereotipatzen duten kontraestereotipoak. Neska-mutilak edota aita-ama lehian jartzeak ez du esan nahi estereotipoak apurtzen ari direnik, batzuetan alderantzizkoa gertatzen da (“Amatxo, zein erraz irabazi dizun aitatxok, berriro ere galdu duzu”).

6- Paternalismoa eta guraso-agintea. Aitak jarrera oso patriarkala duen iragarkia aipatzen da txostenean, haren oniritzia bilatzen duten neskak tarteko.

7- Amatasun inposatua eta zaintza eredu jakin bati lotua. Jolas sinbolikoa irudikatzen denean, panpinak zaintzen dituzten neskak ageri ohi dira panpinari biberoia ematen, negarrez ari dela-eta txupetea jartzen, aulkian lokartu nahian…

8- Maskulinitate hegemonikoaren sustapena. Lehiari, indarkeriari eta arriskuari lotutako baloreak nagusitzen diren iragarkiak, mutilei zuzenduak.

9- Presio estetikoa, bereziki neskei zuzendutako iragarkietan.

10- Haurren sexualizazioa. Hainbat kamisetetan ageri diren mezuak, 4 urteko neskentzako bikiniak titi-zorroekin, jantzi deserosoak, gerribuelta eta bularrak sexualizatzen dituzten arropak…