argia.eus
INPRIMATU
Haurrak kalera ateratzen uztea aztertzen ari da Espainiako Gobernua
  • Kutsatuen kopurua jaitsi ahala, ea haurrek, Italian egin bezala gutxieneko aisialdia bermatzeko, kalera ateratzeko aukera izango duten galdetu dio ERCko parlamentari Gabriel Rufianek Espainiako Osasun ministroari. Gobernuak ez duela horren aldeko konpromisorik hartuko, baina "aukera hori aztertzen ari direla" adierazi du Salvador Illa ministroak..

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 03a
Italian haurrak ateratzen hasi dira aire zabalera. Argazkia: EFE

Espainiako Osasun ministro Salvador Illak ez du ezer aurreratu nahi izan, baina Gobernua "etorkizuneko agertokiei begira" lanean ari dela baieztatu du, konfinamendu gogorreko egoera gainditzeko. Espainiako Kongresuko Osasun Batzordean egindako agerraldian, ministroak esan du "zenbait tokitan koronabirusak kutsatutakoen gailurra” gainditu dutela.

Apirilaren 11ko –alarma egoerak orduan amaituko da, luzapenik ez bada– data mugarri gisa ezarri du Osasun ministroak aurrera begira emango dituzten pausuei buruz azalpenak emateko. Orduan izango dituzten datuak erabakiorrak izango direla dio. Kutsatuen kurba “behar adina jaitsi bada”, haurrek denbora jakin batean aire zabalera atera eta helduek kirola egiteko aukera izango lukete berriro. Aukera hori mahai gainean dutela adierazi du Illak. Hala ere, Espainiako Gobernua gai horren inguruko "hasierako azterketa fasean" dagoela azpimarratu eta "kutsatzeak berriz ez direla gertatuko bermatu behar da aurrena", ohartarazi du.