argia.eus
INPRIMATU
Haurrak ikastetxera seguru sartu ahal izateko zebrabidean paratu ziren bi gurasori 600 euroko isuna
  • Bilboko Atxuri auzoko ikastetxe inguruan apenas dagoen oinezkoentzako lekurik eta trafiko biziak egoera arriskutsuak sortzen ditu maiz. Konponbidea aspaldi eskatua dute gurasoek, baina iristen ez denez, umeen sarrera-irteeretan zebrabidean jartzen dira gurasoak, “haurrei bidea babesten”. Horietako bi gurasori 600 euroko isuna jarri die Ertzaintzak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urriaren 05

Ikastetxe inguruko espazioak espazio seguruak izan behar dutela aldarrikatu du behin baino gehiagotan hezkuntza komunitateak. Bilboko Atxurin agerikoa da gabezia: Maestro Garcia Rivero ikastetxe atarian leku gutxi dute oinezkoek, eta errepideak agintzen du. Gurasoek, kezkatuta, soluzioa eskatu izan diote Bilboko Udalari: ikasleen sartu-irtenetan udaltzainak bertaratzeko edo une horietan trafikoa mozteko.

Erantzunik jasotzen ez dutenez, aurreko ikasturtetik gurasoak eurak dira ikastetxe atariko zebrabidean jartzen direnak, umeen sartu-irtenak seguruak izan daitezela bermatzeko. Bilboko Udalaren baimenarekin egiten dutela gogoratu dute, baina bi gurasok Ertzaintzaren isuna jaso dutela, 600na euro, autoritateari desobedientzia egin izana leporatuta.

“Jasangaitza da gurasoak kriminalizatzea, Udalak bere gain hartu beharreko lana guk egiten dugulako eta oraindik ere egiten ari garelako”, kritikatu du eskolako guraso elkarteak, ondorengo bideoan:

 

Gaiari lotuta:
Matxinada ikastetxeetan, auto eta kutsadurarik gabeko eskola inguruak eskatzeko