argia.eus
INPRIMATU
Haurrak eta adinekoak elkarrekin, Eguzkitza eskolak eta alboko zahar-etxeak praktikan jarri duten esperientzia
  • Auzoaren eta auzoko biziaren parte dira eskolak, eta horregatik, bata bestearen ondoan dauden Irungo Eguzkitza ikastetxea eta Amaxantalen zahar-etxea ohituta daude hainbat ekintza elkarrekin egitera. Gabonen atarian ere, postal pertsonalizatuak prestatuko dituzte, batera abestuko dute haur eta zaharrek, eta eskulanak egingo dituzte elkarrekin, batzuentzat zein besteentzat aberasgarria baita sortzen den belaunaldi arteko harremana.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abenduaren 13a
Badago Amaxantalen zahar-etxean emakume bat beti isilik egon ohi dena; bada, haurren bisita egunean haiekin hitz egiten aritu da gustura. Ekimenaren arrakastaren isla. Argazkia: Eguzkitza

Eguzkitzako 10-12 urte inguruko ikasleak postalak prestatzen ari dira, ondoko zahar-etxean dauden adinekoentzat. Aurretik, bakoitzaren gustu eta afizioen zerrenda jaso dute, postal ahalik eta pertsonalizatuenak egin ahal izateko. Urtero, hunkituta eta emozio handiz jaso ohi dituzte postalak zaharrek, bertako dinamizatzaileek diotenez.

Adin bereko gazteak, Eguzkitzako Lehen Hezkuntzako ikasleak, Gabonetako eskulan bat egitera ere gerturatu dira zahar-etxera. Gazteak eta adinekoak elkarrekin egiten dute eskulana, eta gero zaharrek gordetzen dute, euren gela apaintzeko. Eta 7-8 urteko ikasleak ere elkartuko dira adinekoekin, oporretara joan aurretik: dagoeneko abestera joan dira zahar-etxera, eta harrera oso ona izan dute, baina proposamena iritsi zaie, zaharrek esan baitute beraiek ere haurrekin kantatu nahi dutela, eta bi abesti proposatu dituzte (Olentzero joan zaigu eta Campana sobre campana); orain, ikastetxean eta zahar-etxean entseatzen ari dira abestiak, gero elkartu eta denek batera kantatzeko.

Santa Ageda, inauteriak, Sanmartzialetako alardea… Urteko data berezietan ikasleek egiten dituzten emanaldi eta ikuskizunez gozatzen dute zahar-etxeko bizilagunek, batzuetan kanpoan, bestetan zahar-etxe barruan. Laster, gainera, ekitaldi berezia dator, Korrika urtea izango da hurrengoa eta lekukoa pasako diote elkarri.

Haurrak abestera joan dira zahar-etxera, eta proposamena iritsi zaie bueltan, zaharrek ere haurrekin kantatu nahi dute, eta bi abesti entseatzen ari dira, gero elkartu eta denek batera kantatzeko

Bizipoza, ilusioa, enpatia…

Badago Amaxantalen zahar-etxean emakume bat beti isilik egon ohi dena; bada, haurren bisita egunean haiekin hitz egiten aritu da gustura. Hori nabarmendu dute zahar-etxeko dinamizatzaileek, bertakoei bisita hauek egiten dieten onuraren eta ekartzen dieten bizipozaren adierazle. Ilusioa, gogoa, emozioa, enpatia… darabilte irakasleek, halako ekintzek batzuei eta besteei ematen dietena azaltzeko. Onura bi norabidetakoa da, belaunaldi arteko harremanen inguruko artikuluan azpimarratu genuenez: adinekoak biziberritu egiten dira, autoestimua hobetzen dute eta umeen alaitasuna eta barrea kutsatzen zaie. Zaharren esperientziatik ere ikasten dute haurrek, baita beharra duten zaharrei lagunduz ere.

“Gizarte segregatua gara”

Auzoari irekita dagoen Eguzkitza eskolaren esperientzia xumea bezain aberasgarria da, baina irudikatzen duzu zahar-etxe batean haurreskola irekitzea? Artikulu honetan kontatu genuen: 400 adinekotik gora hartzen dituen Seattleko (AEB) zahar-etxe batean, astero bost egunez umeak eta zaharrak elkartzen dira Belaunaldiarteko Ikasketa Zentroa deituriko haurreskolan. Abestea, dantzatzea, margotzea, ipuinetan murgiltzea, janaria prestatzea, jolastea edo besterik gabe elkarrekin aritzea dira euren eguneroko jarduerak. Horren inguruko dokumentalaren egileak, Evan Briggs zuzendariak, zaharrekin eta zahartzaroarekin dugun harreman disfuntzionalaz gogoetatu nahi izan du: “Zer nolako balore sistema dugu, adin batetik aurrera jendeak lekurik ez izateko gizartean? Jakinduria eta esperientzia handia dago adinekoengan eta hori guztia galtzen ari gara”.

Bestalde, postalaren ekimenak gogora ekarri digu antzeko ekimena dutela martxan 38 herrialde baino gehiagotan: bisitarik jaso gabe bakarrik sentitzen den eta zahar-etxean dagoen adinekoetako bati (egokitzen zaizunari) gutuna idatz diezaiokezu, eta horretarako haren gustuen berri jasoko duzu aurretik. Azken finean, bakardadea da zahartzaroan zabaldua dagoen gaitz larrietako bat.

 

Eguzkitzako 10-12 urte inguruko ikasleak postalak prestatzen ari dira, ondoko zahar-etxean dauden adinekoentzat. Aurretik, bakoitzaren gustu eta afizioen zerrenda jaso dute.