argia.eus
INPRIMATU
Haurdunaldia: ikusten dena baino gehiago
  • Haurdunalditik erditze ostera ematen diren aldaketez, eta horiei aurre egiteko eta ahalduntzeko tresnez mintzatu dira Ane Etxeberria fisio obstetrikoa eta Enara Beloki psikologo perinatala.

Olaia L. Garaialde 2024ko urtarrilaren 19a
Erditzeko momentuari dagokionez, min fisikoa eta psikologikoa kudeatzeko tresnak izatea garrantzitsua dela diote.

Sareak ehuntzeaz, partekatzeko espazio xamurrak sortzeaz, minaren kudeaketaz, ahalduntzeaz eta bestez mintzatu dira. Beste profesional batzuekin batera, haurdunaldirako, erditzerako eta erditze osterako tresnak eskuratzeko ikastaroak emanen dituzte, Zarauzko Ekimen zentroan, otsailaren 23tik martxoaren 22ra.

Giharretako mina, giharren aldaketen ondorioz artikulazioek eragindako erantzuna, mina pubisean, lunbarretan eta sabelean, digestio arazoak, zoru pelbikoaren tonua jaistea, eta beste aldaketa asko eman daitezke haurdunalditik erditze ostera. Etxeberriaren ustez, kanpotik “askoz aldaketa gutxiago” hautematen dira: “Ematen du besterik gabe sabela eta bularrak handitzen direla, baina barrutik mila aldaketa gertatzen dira, eta batzuetan, balorea kentzen zaio prozesu horretan dagoen haurdunari”.

Aldaketa fisikoez gain, aldaketa emozional eta psikologiko nabarmenak sentitu daitezke. “Sistema linfatikoak aldatzen direnez, garuna aldatzen da, eta alderdi emozionalak indar handiagoa hartzen du”, azaldu du Belokik. Aldaketa horien bidez, pixkanaka garuna aldaketetara egokitzen doa: “Sentsibleago gaude, gehiago enpatizatzen dugu, gure istorio pertsonalarekin konektatzen hasten gara; nola izan garen heziak, zer jaso dugun gurasoengandik eta zer transmititu nahi dugun”.

Horrekin batera, haurdunaldiaren azken hilabeteetan ziurgabetasun eta kezka “gehiago” agertzen direla azaldu du Belokik: “Ikusten da emakumeek segurtasunik eza handia dutela erditzeari begira, sistemak esan duelako medikurik gabe ezin dutela egin”. Hortaz, ikastaroen helburuetako bat da haurdunek konfiantza berreskuratzea sistemaren estimulu negatiboei aurre egiteko: “Oso garrantzitsua da gorputzarekin eta haurrarekin konektatzeko eta entzuteko espazioak sortzea, batzuetan oso deskonektatuta bizi garelako”.

Horregatik, ikastaroen xedea da aldaketa horiek guztiak kudeatzeko tresnak eta informazioa ematea, bakoitzaren nahiak eta beharrak identifikatzen laguntzea eta partekatzeko espazioak sortzea. “Batzuetan uste dugunez guri bakarrik eragiten digun zerbait dela, besteen esperientziak entzuteak asko laguntzen du”, esan du Belokik.

Belokik uste du erditzeari begira egiten direla lanketa gehienak: "Erditze ostea etortzen denean sekulako kolpea hartzen dugu, ez gaudelako horretarako prestatuta"

Mina kudeatzeko tresnak

Erditzeko momentuari dagokionez, min fisikoa eta psikologikoa kudeatzeko tresnak izatea garrantzitsua dela diote. Min fisikoan bi faseri erreparatu die Etxeberriak: dilatazio fasea eta kanporatze fasea. “Klabea izaten da ahalik eta lasaitasun gehien mantentzea, ahalik eta estres gutxien izateko dilatazio fasea aurrera eramateko”, azaldu du. Gaineratu du arnasketaren kontrolak eta kanpoko estimuluek mina kudeatzen lagundu dezaketela; adibidez, laguntzaileak egindako masajeen eta pelbiseko presioen bidez. Azkenik, mina kudeatzeko zein postura dauden jakitea ere onuragarria izan daiteke: “Garrantzitsuena da tresnak ematea, momentuan bertan erabakitzeko baliabideak izateko”. Halere, erditze batetik bestera asko aldatu daiteke.

Horrekin batera, erditze planean eman daitezkeen estimulu negatiboak identifikatzen jakitea ere garrantzitsua dela uste du Belokik: “Ospitaletan askotan esku-hartze gehiegikeria dago, eta garrantzitsua da profesionalek nola jokatzen duten identifikatzea berriz indarra hartzeko eta ahalduntzeko”. Horrez gain, horrelako momentu zaurgarri batean, beharrezkoa da haurdunaren nahiak eta beharrak defendatzeko tresnak ematea laguntzaileari.

Erditze osteko ahanztura

Haurdunek jasotzen duten informazioaz ere mintzatu dira, eta esan dute “gehiegizko informazioa” jasotzen dutela. “Hainbeste informaziorekin zaila da benetan garrantzitsua dena identifikatzea. Gainera, ematen du master bat atera behar duzula erditu ahal izateko”, esan du Etxeberriak. Gaineratu du erditzea erromantizatzeko joera “handia” dagoenez “oso idealizatutako” erditzeak erakusten direla. Hala ere, uste du beharrezkoa dela informatzea “ahalik eta ahaldunduen” egoteko: “Biolentzia obstetrikoaren barruan sartzen diren gauza asko gertatzen dira oraindik ospitaletan”.

Erditzeari  begira, informazio asko dagoen arren, erditze osteaz “oso gutxi” hitz egiten dela salatu du: “Pixa eta kaka galerak, harreman sexualak mantentzeko zailtasunak, orgasmorik ez sentitzea edota beste gauza batzuk gertatu daitezke, baina ezustean hartzen ditu, ez delako hitz  egiten”.

Belokik ere uste du erditzeari begira egiten direla lanketa gehienak: “Erditze ostea etortzen denean sekulako kolpea hartzen dugu; nik adibidez, hartu nuen, ez gaudelako horretarako prestatuta”. Horregatik, uste du espazio formaletan zein informaletan akonpainamendua izatea garrantzitsua dela: “Izan daiteke egoera berdinean dagoen lagun bat, edo kaletik topatu duzun ezagun bat, baina fase berdinean dagoena”. Horregatik, behin ikastaroak amaituta, erditze osteaz hitz egiteko taldeak sortzea gustatuko litzaioke.