argia.eus
INPRIMATU
Haurdunaldi subrogatuaren aldeko kongresua arbuiatu dute Bilbon
  • Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala hasterako bildu dira Azkuna Zentroaren parean. “Erreprodukzioaren merkantilizazioa” salatu eta "alokairu sabelen amaiera” aldarrikatu dute. Itaiak antolatu du elkarretaratzea.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 21a
Elkarretaratzea Azkuna Zentro parean (Bilbo) Kongresuaren hasieran / Argazkia: Itaia

Ostegunean hasi da Emakumeak eta Amatasun Subrogatuaren I. Kongresu Internazionala Bilbon, eta elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek alokairu sabelak “zuritzeko saiakera” dela salatzeko. Itaiaren esanetan, erreprodukzioaren merkatuaren existentziarako oinarria da, eta ondorioz “emakumeen zapalkuntza” eta “umeen salerosketa” indartzen ditu.

Espainiako Gobernuak praktika hori debekatu arren, inolako aldaketarik ekartzen ez duela azaldu du; izan ere, Espainiako Estatutik kanpo haurdun geratu zaitezke eta ondoren umea bertan inskribatu. Horretaz arduratzen diren enpresek 2022an 150.000 miloi euroko etekinak izan zituztela salatu, eta zerbitzua merkeagoa izan dadin ‘Black Friday’ bezalako ekimenak antolatzen dituztela gaineratu du.

Miseria eta negozioa

Haurdun geratzen diren gehienek baldintza ekonomiko kaskarrenak dituztela azpimarratu dute. Sarri “praktika mafiosoak” gertatzen direla azaldu dute; adostutakoa ez ordaintzea eta bederatzi hilabeteko haurdunaldi gogorrak jasatea, besteak beste.