Epaitegietara iritsitako haurdunaldi subrogatu kontratu baten harira, Espainiako Auzitegi Gorena berriz mintzatu da haurdunaldi subrogatuaz. Gisako kontratuek dakarten "adingabearen interes gorenari kaltea eta emakumearen esplotazioa" onartezinak direla adierazi du.
Haurdunaldi subrogatua ez da legezkoa Espainiako Estatuan, subrogazio kontratuak "egintza erabat deusezak, Espainiako ordena publikoaren aurkakoak, eta emakumeen zein haurren oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak" baitira Espainiako Auzitegi Gorenak 2013an ebatzi zuenez. Alabaina, berriki emandako epai batean azpimarratu duenez, legezko jarduna izan ez arren ere, haurra erosi nahi duten norbanako edo familien eta haurra sabelean haziko duen emakumearen arteko bitartekaritza egiten duten agentziek libreki iragartzen dute beren burua Espainiako Estatuan. Ondorioa: "Haurdunaldi subrogatu komertzialaren ondorioz atzerrian jaiotako haurra Espainian sartzen da eta de facto familia-nukleo batean modu egonkorrean integratuta amaitzen du". Alegia, haurraren salerosketa haurdunaldi subrogatua legezkoa den herrialdeetan egin arren, haur horietako hainbat haurdunaldi subrogatua legezkoa ez den herrialdeetan hazi eta biziko dira. Eta horrek berekin ekar ditzake hainbat auzi ere.
Auzi horietako baten harira mintzatu da ostera ere gaiaz Espainiako Auzitegi Gorena, epaitegietara heldutako haurdunaldi subrogatu kontratu baten gaineko epaia eman baitu asteartean. Aipatu kontratua erditutako ama mexikarraren eta haurra erosi duen Espainiako familiaren artekoa da, eta aurretiko epai batek amatasun filiazioa espainiar familiari aitortu zion. Epai horren aurrean kasazio errekurtsoa jarri zuen Ministerio Fiskalak, eta Gorenak asteartean eman zuen bere ebazpena: kontratu horrek berekin dakarren "adingabearen interes gorenari kaltea eta emakumearen esplotazioa onartezinak dira".
Adierazpen horiek alde batera, haurra adopzioan hartzeko ama ez-biologikoaren aukerari ateak irekita utzi dizkio auzitegiak, elkarrekin bizi baitira. "Erabaki horrek, Gorenak zehaztu duenez, adingabearen interes gorena asetzeari erantzuten dio, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eskatzen duen bezala", irakur daiteke El Periodicon. Alabaina, epaiaren bidez zorrotz mintzatu da haurdunaldi subrogatuari buruz. Gisako kontratuek adingabeen interes gorena kaltetu eta emakumeak esplotatzen dituela adieraztearekin batera, azpimarratu du haurdunaldi subrogatuak amaren eta haurraren eskubideak urratzen dituela, bata zein beste "objektu huts" bezala hautematea dakarrela argudiatuz, eta "ez gizaki izatearen berezko duintasuna eta duintasun horri datxezkion oinarrizko eskubideak dituzten pertsona gisa".
Gorenak birgogorarazi du kontratu horiek erabat deusezak direla, Laguntza Bidezko Ugalketa Teknikei buruzko Legearen 10. artikulua urratzen dutelako, bai eta Konstituzioan eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako oinarrizko eskubideak ere. Horrez gain, "Europako Parlamentuaren 2015eko abenduaren 17ko ebazpenaren 115. atalean jasotako giza duintasunaren aurkako atentatu batez hitz egiten dute", dio El Saltok.