argia.eus
INPRIMATU
Haurdun geratzen ez diren gurasoen baimenak amatasun-baimenen hamasei asteekin partekatzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak
  • Dekretu bat prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, udazkenean neurria indarrean jartzeko asmoz.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 02a
(Argazkia: Dani Blanco)

Apirilaren 1ean, Espainiako Gobernuak haurdun geratu ez diren gurasoentzako zortzi asteko baimenak indarrean sartzearekin batera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Eusko Jaurlaritzaren egitasmoaren berri eman du. 2021. urterako zeukan aurreikusita Espainiako Gobernuak haurdun geratzen ez den gurasoaren baimena hamasei astetara luzatzea, baina Eusko Jaurlaritzak aurre hartu nahi dio.

Jaurlaritzak esku-artean darabilen egitasmoa indarrean jarriko balitz, haurdun geratu ez den gurasoaren baimena amatasun baimenarekin partekatuko litzateke, eta ezingo lirateke biak batera hartu. Dekretuak, behin argitaratuta, erditu ez duten bikotekideei bezala, biologikoak ez diren gurasoei ere eragingo lieke adopzio bat tartean denean. Umearen jaiotzen den unetik hamabi hilabeteko epea izango dituzte gurasoek baimenak hartzeko.

Diru-laguntzaz ere mintzatu da Artolazabal: “Diru-laguntza jasoko dute dekretu berria argitaratzen denetik aurrera semea edo alaba duten eta haurdun geratzen ez diren gurasoek, lehen aldiz guraso diren familiek barne; horrela, lehen semea edo alaba duten familien kasuan aplikazioa aurreratu egingo da, kontuan hartuta Familiei Laguntza emateko IV. Planean 2022rako aurreikusten zela”.

Guraso bakarreko familietan ere neurria ezarriko dela jakinarazi dute. Horrez gain, %50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat duten, genero-indarkeriaren biktima den norbait barnebiltzen duten edo ugariak diren familiek beste neurri batzuk ere jaso dituztela aurreratu dute.