argia.eus
INPRIMATU
“Haur zein nerabeek heriotza txikitatik euren bizitzetan txertatzea eta modu inklusiboan hartzea onerako da soilik”
  • Heriotzaren eta suizidioaren gaiak lantzen dituzte Patxi Izagirre psikologo klinikoak eta Ane Izagirre musika aditu eta psikologia ikasleak. Hik Hasin azaldu dituzte xehetasun guztiak.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 13a
Patxi Izagirre psikologo klinikoa eta Ane Izagirre musika aditu eta psikologia ikaslea

Heriotza eta suizidioa azaleratzea dute xede, tabu izateari utz diezaion eta bizitzaren parte bilakatu daitezen.

Heriotzaren aurreko beldurra “afera unibertsala” dela diote, “sarri heriotzari zaion beldurra bizitzari eta bizitzeari beldurra izatearekin ere lotzen da”. Haurrei normalean, zazpi-zortzi urte ingururekin sortzen zaie heriotzarekiko kezka nagusitzen eta gaiari heltzeko une aproposa dela diote.“Helburua, heriotzaren gaira hurbiltzea izan behar da, ez angustiaren edo traumaren bidez soilik, baizik eta esker ona elikatuz”, dio Izagirrek.

Heriotzaren gaia lantzeko garaian, bai prebentzioan edota baita dolua tratatu behar denean ere, musika eta ahotsa dira Patxi eta Ane Izagirrek erabiltzen duten tresna nagusietako bat. Azaldu dutenez, “hitza iristen ez den lekuetara iristen da musika”.

Suizidioaz ere gutxi hitz egiten da. “Uste izan da suizidioaz hitz egiteak jende gehiagoren suizidioa ekarriko duela eta horregatik gaia saihestu izan da”. Suizidioa bizi izan duten familiak ez direla biktimizatu behar eta familiari dolu-prozesua behar bezala egiten utzi behar zaiola gaineratu dute.

Psikologoek diotenez, suizidioaren atzean muturreko sufrimendua dago. “Neurri batean hor atzean dagoena da osasun mentala gehiago garatzeko beharra, hau da, sufrimendu hori kanporatzeko, partekatzeko, agerian jartzeko, laguntza eskatzeko… beharra. Beste hitz batzuetan esanda, bakarrik ez geratzeko eta lagunduta egoteko premia”.