argia.eus
INPRIMATU
Haur transexual bati eraso egin diote Iruñerrian
  • Naizen Euskal Herriko transexualen familien elkarteak ostegun honetan salatu duenez, hamaika urteko haur bati eraso egin diote Iruñerriko parke batean. Adingabearen familiak salaketa jarri du lesioengatik eta gorroto-delituagatik.

Axier Lopez @axierL 2021eko otsailaren 12a
Ondarroako Ekai gazte transexuala gogoratzeko Iruñean 2018an egindako elkarretaratzea.

Naizen-ek sare sozialetan salatu duenez, elkarteko haur batek eraso fisikoa jasan du otsailaren 7an, Iruñerriko parke batean zegoela lagunekin. Lau adingabek bera lurrera bota eta ostikadak eman zizkioten, bere izaeragatik iraintzen zuten bitartean, lekuko batek erasoa geldiarazi zuen arte. Lesioen parte bat eskatzeko ospitalera joan ostean, adingabearen familiak salaketa jarri du Foruzaingoaren aurrean, lesioengatik eta gorroto-delituagatik. Hala ere, Naizenen arabera, "erasoaren ondorioz, adingabea kalera ateratzeko eta erasotzaileekin topo egiteko beldur da".

Familiak, elkartearen babesarekin, horren berri eman nahi izan du, pertsona transexualen aurkako gorroto-mezuek eragiten dituzten ondorioak agerian uzteko.