argia.eus
INPRIMATU
Haur miopeen gorakada handia, kezka iturri: “Kanpoan jolastea oso inportantea da”
  • Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu dagoen zerbaiti begira”, azaldu dio Maddi Zinkunegik ARGIAri.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko otsailaren 26a
Freepik

Duela urte batzuetatik, optometrista eta oftalmologoen kongresuetan protagonismoa hartzen ari den gaia da: miopia kasuak handitzen ari dira, mundu osoan. Duela bost urte biztanleriaren %20ak zuen miopia, gaur egun %30ak, eta 2050 urtean biztanleen erdia inguruk miopia izango duela diote adituek.

Kezkagarria da umeen artean ere gora ari dela miopia, Maddi Zinkunegi optometristak ohartarazi digunez: “Haurra delarik goiz garatzen badu miopia, adibidez 6 urterekin bi dioptria baditu, urteek aurrera egin ahala gero eta dioptria gehiago izatea ohikoa da, esaterako zazpi dioptriara iritsi daiteke nerabezaroan, eta hori gakoa da helduaroan, zeren bi dioptria dituen pertsonak lau bider aukera gehiago ditu glaukoma gaitza jasateko, baina pentsa, sei dioptria dituenak hamalau aldiz probabilitate gehiago”. Erretina askatzeko edota makulopatia miopikoa izateko arriskuak ere handitzen ditu miopiak.

"Miopia handitzen eta dioptriak gehitzen joateko arriskurik handiena 6-11 adin tartean dago, eta hor eragitea funtsezkoa da"

Beste gako bat ere eman digu Zinkunegik, kontuan harturik begia dagokiona baino gehiago luzatzen denean garatzen dela miopia: 6 urtetik 11ra bitarte handitzen dira gehien begiak, edo beste era batera esanda, miopia handitzen eta dioptriak gehitzen joateko arriskurik handiena adin tarte horretan dago, eta beraz orduan eragitea funtsezkoa da. “Miopia gehien handitzen den aldapa horretan zentratzen gara, hazkuntza hori frenatzen saiatzeko. Kongresu batean entzun nuen moduan, ez dugu trena geldituko, baina mantsotzea lor dezakegu; miopia ez dugu desagerraraziko, baina hazkundea txikitu dezakegu”. Lenteak eta betaurrekoak dira erabili ohi diren soluzioak.

Adin horretatik aurrera, oso gutxi handitzen da miopia. Datuek diote 18-22 urteren bueltan egonkortzen dela eta normalean 25 urtetik aurrera ez dela handitzen.

Zerk eragiten du eta nola prebenitu eta frenatu dezakegu?

Herentzia genetikoak indar handia du, baina bestelako faktore batzuk ere nabarmendu ditu Zinkunegik: gertuan egiten dugun jardunaren denbora eta distantzia oso kontuan hartu behar dugu. “Haurra denbora luzez baldin badago irakurtzen, marrazki bat egiten edo pantailari begira begietatik distantzia txikira, miopiarako aukerak handitu egiten dira. Aplikazioa ere asmatu dute, tableta itzaltzen duena 20 zentimetrora edo gutxiagora norbait detektatzen badu”. Horri lotzen badiogu eguzki-argiak, enfokatzeko sakontasun handiak eta dopamina askatzeak asko laguntzen duela miopia agertu ez dadin, prebentziorako gomendioa garbi du optometristak: kanpoan jolastu dezatela haurrek, nahi beste. Hain justu, eguzkitan egoteak miopia garatzea eragozten duela ondorioztatu du berriki Nafarroako Unibertsitate Klinikako Oftalmologia sailak.

"Haurra denbora luzez baldin badago irakurtzen, marrazki bat egiten edo pantailari begira begietatik distantzia txikira, miopiarako aukerak handitu egiten dira"

“Adibidez gurasoak miopeak bagara, faktore genetikoak duen eragina aintzat hartuta, saiatu beharko ginateke seme-alabak kalean denbora pasa dezan, egiten dituen jardunetan paper, liburu, pantailarekiko gertuegi egon ez dadin, jarduera horietan ordubete baino gehiago igaro ez dezan…”.

Asian urteak dira miopia osasun publikoko arazo garrantzitsu bilakatu zela, eta ikerketa ugari dago. Euskal Herrian ere, gaian gero eta gehiago trebatzen ari dira adituak.