argia.eus
INPRIMATU
Haur hiperaktiboz beteta omen daude ikasgelak
  • Horixe hezkuntza arloko jendeak helarazitakoa: irakasleak arduratuta daudela, gero eta haur gehiagok duelako Arreta Gabeziaren Hiperaktibitate Nahasmendua delakoa, kopuru kezkagarrietara iristeraino. Eta hori entzunda, gogora etorri zait Diagnostiko okerren ondorio kaltegarriak erreportajean genioena: konplexua da hiperaktiboa “dena” eta hiperaktibo “dagoena” bereiztea, baina funtsezko desberdintasuna dago atzean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko otsailaren 06a
Ez ote da izango egungo gizarte eredu eta erritmora egokitutako haurrak ditugula, eta ez haur hiperaktiboak?

Hiperaktiboa denak arazo neurobiologikoa du lobuluan, eta hiperaktibo “dagoenak” beste arrazoiren batengatik jokatzen du horrela: adibidez, gehiegizko estres edo antsietateagatik; edo mugarik jartzen ez diotenez nahi duena egitera ohituta dagoelako; egunez ezaugarri hiperaktiboak izan ditzake insomnioa duelako (esaterako amigdala handiegiak ditu eta gauez ez du arnasa behar bezala hartzen); ariketekin frustratzen da… Kontua zera da, jokabidearen nahasmendua dela hiperaktibitatea, umearen jokabide-pautak aztertuz antzeman beharrekoa, eta gaizki ebaluatutako eta gaindiagnostikatutako kasu asko dagoela.

Hortaz, pertzepzioak gora egin badu nabarmen, ez ote da izango gaur egungo gizarte eredu eta erritmora egokitutako haurrak ditugula, eta ez haur hiperaktiboak? Gabriela Dueñas psikopedagogoak uste du estimuluz betetako, arrakasta errazera ohitutako eta gurasoen antsietateaz kutsatutako haurrak sortu dituela egungo gizarteak. María López neurobiologoaren hitzetan, “denek estresatuta bukatzen dugu azkenean, eta muturrera eramaten dutenei diagnostikatzen zaie hiperaktibitatea, inguruak ez duelako lasaitasuna bultzatzen. Hamabi orduko jardunaldiak dituzten seme-alabak ditugu, goizean eskolara bidali eta gaueko bederatziak arte etxera itzultzen ez direnak!”. Eta hori ez da hiperaktibitatearekin nahastu behar. Erritmo zoro horrek haurrengan izan dezakeen eraginari aurre hartuz, yoga eskolak ematen hasi dira zenbait ikastetxetan, umeek kontzentratzen eta lasai egoten ikas dezaten.

Ondorioa: behar ez diren botikak

Arazo neurobiologikoa herritarren %2-3k du (mutilen %5ak eta nesken %1ak), baina askoz ume gehiago dago hiperaktibitateagatik medikatuta: Hego Euskal Herrian, %10-15 artean, eta AEBetan esaterako, haurren %25, hainbat daturen arabera. Seme-alaba bare izateko pilulara jo aurretik, bi aholku: 6 urte bete aurretik ez litzateke nahasmendua diagnostikatu behar; eta behar bezalako ebaluazio konpletoa ezinbestekoa da.

Gaian sakontzeko, irakurri aipaturiko erreportajea.

Artikulu hau Mikel Garciaren Jendartean blogean argitaratu da. Gizarte gaiak, hezkuntza eta zinemari buruzko testu gehiago topatuko dituzu bertan.