argia.eus
INPRIMATU
Haur hezkuntzako 0-3 ziklorako doakotasuna eskatu dute Iruñean
  • Larunbatean Nafarroako Legebiltzarraren aurrean egindako bilkuraren bidez, Nafarroako 0-3 plataformak salatu du ziklo honetako haurrek hezkuntzako beste zikloekiko bizi duten diskriminazioa.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 22a
Sarasate pasealekuan egin zen bilkura. (Argazkia: Nafarroako 0-3 plataforma),

Haurren eskubideak modu askotara urratzen direla salatu dute mobilizazioaren bidez, adibidez, “haur eskoletan bizi diren ratio anker eta arriskutsuak jaisten ez direnean urratzen dira”, edo hezitzaileek lan-egoera prekarioa eta estresagarria dutenean, lan taldearen bilerak boikoteatzen direnean, edo, besteak beste, “familiek hezkuntza publiko batengatik tarifa garesti eta elitista ordaindu behar dutenean”.

Plataformakoek urte luzeak daramatzate haur hezkuntza osoaren doakotasuna eskatzen, 0-3 etapa derrigorrezkoa ez izan arren, berezko egitura eta curriculum-garapena duelako, “eta behin eta berriz salatzen dugu doako Bigarren Ziklo unibertsal baten eta Lehen Ziklo garesti eta elitista baten arteko diskriminazioa”.

Salatu dute duela hiru ikasturte PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Ezkerrak sinatutako gobernu akordioan, doakotasunerantz eta unibertsaltasunerantz aurrera egitea adostu zutela, baina Nafarroako familiek matrikuletan ez dutela inongo murrizketarik ikusi. “Ezin dugu ulertu nola PSNk, txantaia politikoaren bidez, Iruñeko haur-eskoletan doakotasuna lortu duen, gobernuko PSNk beste aldera begiratzen duen bitartean. Gobernuaren arduragabekeriak zuzenean eragiten dio gaur egun familien ekonomiari”.

Plataformakoek diotenez, LOM LOE Espainiako hezkuntza-lege berriaren esanetan guztiek dugu eskola-arrakastarako eta oinarrizko hezkuntzarako eskubidea, eta lehen urteotan bizitako desberdintasunak gazteen etorkizuneko garapenerako erabakigarriak izango dira. Horregatik, “haur-eskolara bideratutako partida ekonomiko publikoak handitzea etorkizuneko inbertsioa da. PSNk begietara begiratu behar dio 0-3ari, zintzoki; eta harrotasunez esaten duten BPGren %5 hezkuntza-etapa honetara bideratu beharra dauka”.

Argazkia: Nafarroako 0-3 plataforma
Argazkia: Nafarroako 0-3 plataforma.