Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA komunikabideak eskainiko dio horretarako mikrofonoa: zortzi igande hartuko ditugu horretarako, apirilaren 6an hasita.
Zergatik hau, zergatik hori, zergatik hura... Horrela galdetzen zion Iñigo Martinezi alabak, modu nekaezinean, tematian, 5 urte zeuzkanean. Autobusa hartzera joandakoan, “zergatik autobusa?”. “Alabatxo, distantzia luzea egin behar dugulako”. “Eta zergatik distantzia luzea?”. “Ba... gaur egungo hiriak oso handiak direlako”. “Eta zergatik dira hiriak hain handiak?”. Horrela jarraitzen zuten, aitak alabari “ez dakit, zer uste duzu zuk?” galdetzen zion arte. Hau da, erantzunak ematetik galderak egitera pasatzen zen.
Horra hor podcast saio berri honen gakoa: galderak jolas bilakatu, eta egin eta egin galderak, galdera existentzialak, bost urteko haurrak egiten dituen modukoak. Eta eman erantzunak, Martinezek dioen eran “behin-behinekoak” badira ere, gero, ziur asko, eman dugun erantzuna kuestionatuko dugulako. Eta horrela, helduok bilakatuko gara haur. Haurrak dira galderak modurik basatienean bizi dituztenak, galderen erresuman haurrak baitira nagusi.
Martinezek haur, gazte eta helduak ipiniko ditu gogoetatzen, filosofatzen, oinarri-oinarrizkoenari galderak egiten, eta horiei erantzunak bilatzen. Baina horretarako guztirako, helduak haur bihurtuko direlako, haur-filosofiako tailerretako jende prestua ere gonbidatuko du ARGIAko estudiora; tartean, haur filosofia tailerretan dabiltzan nerabeak, edota ibili direnak. Galdera bizi eta basatiak egiten diren espazioek ahotsa izango dute Galdera Basatien mikrofonoetan, arinagoak zein potoloagoak diruditen gaien inguruan gogoetatzeko: heriotza, maitasuna, errealitatearen mugak... Ordu erdiko tartean, betiere.
Galdera Basatiak podcastaren lehen saioa igande honetan argitaratuko dugu argia.eus-en eta bestelako audio-plataformetan, eta gainontzeko zazpiak hurrengo igandeetan, salbu eta opor garaian egokituko denean.
Lehen kapituluan, podcast seriearen marko orokorra marraztuko du Martinezek: bere buruarekin gogoetatuko du, baina jendearen audio laburrez eta filosofia liburuetako erreferentziez hornitutako ahotsak ere entzungai izango ditugu. Bigarrenetik aurrera, hainbat gonbidatuk estudioa zapalduko dute.
Prest gure buruari galderak egiteko?