argia.eus
INPRIMATU
Haur eta nerabeen parte-hartzea errazteko gida aurkeztu du Nafarroako Gobernuak
  • Administrazio publikoan nahiz hezkuntza arloan, nola diseinatu prozesu parte-hartzaile bat, zeinetan haur eta nerabeak izango diren protagonista? Galdera horri erantzuna eman nahi dion gida plazaratu du Nafarroako Gobernuak, hainbat adituren laguntzaz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko apirilaren 26a

Haur eta nerabeen iritzia aintzat hartzea eta erabakitzeko duten ahalmena lehen lerrora ekartzea ez da aldarrikapen berria. Oraingoan, Nafarroako Gobernuak azpimarratu du kolektibo hauek kontuan hartzeko beharra, “historikoki haiekin izan dugun harremana ez baita parte-hartzean oinarritu”. 2019an egindako Haurtzaroaren Lege Forala aipatu dute Gobernutik, “prozesu parte-hartzaile aitzindaria eta anbiziotsua, argi utzi zuena haur eta nerabeak gai direla lege baten lanketan parte hartzeko”.

Bi dira argitaraturiko gidak: bata administrazio publikoan parte-hartzea errazteko, eta bestea hezkuntza arloari zuzendua. Haur eta nerabeen proposamen eta ekarpenak bideratzeko eta eztabaida ahalbidetzeko tresnak eskaini nahi ditu gidak, materiala eskura jarriz eta garapenaren araberako gaitasunei egokitutako ekintzak proposatuz. Lotura honetan eskuratu daitezke gidaliburuak.

Haur eta nerabeen parte-hartzerako udal batzordeak

Gaur egun, haur eta nerabeen parte-hartzerako bost udal batzorde daude Nafarroan: Castejonen, Cintruenigon, Mendabian, Iruñean eta Zizur Nagusian. Beste sei herritan formakuntza eta aholkularitza jasotzen ari dira, gisa horretako batzordeak sortzeko. Joan den martxoan, batzorde hauetako gazteak Nafarroako Gobernuko, Legebiltzarreko eta udaletako ordezkariekin elkartu ziren, hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko, tartean ingurumenaz.