argia.eus
INPRIMATU
Haur eta Lehen Hezkuntzan sexualitatea lantzeko gida plazaratu dute
  • Sexualitatea jaiotzetik dugulako eta sexu heziketa ahalik eta goizen hastea funtsezkoa delako, Haur eta Lehen Hezkuntzan gorputza, aniztasuna, emozioak, harremanak, plazera… lantzeko gakoak eskaintzen dituen gida plazaratu du LAB sindikatuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 10

“Ume eta gazteek euren burua ezagutzea, onartzea (baita besteak onartzea ere) eta modu askean bizi eta adierazi ahal izatea” helburu duen sexu heziketarako gida da kaleratu dutena. Oinarri-oinarrian, aniztasuna jartzen du gidak, “ezin izango baitugu denen nortasun edo sexualitatea modu positiboan elikatu, eredu zehatzak bakarrik aintzat hartuta lan egiten badugu”. Azken finean, sexualitate guztiak dira ezberdinak eta aniztasun horren baitan ezin ditugu ahaztu, besteak beste, desgaitasunen bat edo aniztasun funtzionala dutenak.

Norbere buru eta emozioak ezagutzea, norbere buru eta gorputzek nola funtzionatzen duten ikastea, sexu berekoen eta beste sexukoen emozio eta gorputzek nola funtzionatzen duten ezagutzea, plazeraz eta erotikaz mintzatzea, emozioak gestionatzea, kontaktua eta komunikazioa lantzea. Gako ugari ditu sexu heziketa osasuntsu baterako proposatzen den bide-orriak.

Haur Hezkuntzan uste duguna baino gehiago egin daiteke

Jaiotzetik dugu plazera sentitzeko gaitasuna eta afektiboki lotzeko beharra. Garbi dio gidak: “Haur Hezkuntzan uste duguna baino gehiago egin daiteke sexualitate osasuntsu bat lortzeko; izan ere, atxikimendua lantzea sexu heziketa egitea da”. Nortasun sexualak, desioaren orientazioak eta genero bakoitzaren rol bereizketak garrantzia hartzen dute etapa horretan.

Lehen Hezkuntzan, pornografiaren eta errealitatearen artean

Lehen Hezkuntzan ere maiz iruditzen zaigu ez dagoela beharrik sexu heziketa lantzeko, baina ikerketek diote 9 eta 12 urte bitartean hasten direla haurrak eduki erotiko eta pornografikoa duten edukiak ikusten. “Gure ikasleek izango duten erotikaren kontzeptuan eragin handia izango du gaiaren inguruan egiten dugun lanketak edo lanketa ezak”, dio gidak.

Bukaeran, gaia ikasleekin jorratzeko material didaktikoa zerrendatzen du gidak.

Irakurri gida osoa lotura honetan.

Derrigorrezko hezkuntza ziklo guztietarako gida eta materialak sortzen segitzea du helburu sindikatuak, “Sexualitate askatzaileak iruten” egitasmoaren barruan.

Gaiaz gehiago:

Mahai-ingurua: Pornografia denean sexu hezitzaile nagusia