Nafarroako Hezkuntza Sailak ijitoen kulturari buruzko material didaktiko "aitzindariak" jarriko ditu eskuragarri, euskaraz zein gazteleraz. Kasedako ikastetxe publikoko zuzendaria den Bruno Miguel Jiménezek idatzi ditu eta ijitoen komunitatea hezkuntza-sisteman integratzea eta ikusaraztea dute helburu.
Hezkuntza Saileko Areto Nagusian aurkeztu dituztebaliabide pedagogikoak astelehenean Iruñean. Guztira ijitoen herriaren alderdi historiko eta kulturalak barne hartuko dituzten 21 ikaskuntza-egoera aurkeztu dira; hiru Haur Hezkuntzako ikasleentzat eta beste hamazortziak Lehen Hezkuntzakoentzat. Bruno Miguel Jiménezek azpimarratu du hezkuntza baliabide horiek "oso garrantzitsuak” direla eta oinarrizko hiru helburu dituztela: “Batetik, Nafarroako ikasle ijitoen erabateko eskolatzea lortzen laguntzea. Bestetik, ikasle ijitoen eskola-arrakastan eta gizarte eta lan-sustapenean laguntzea, eta azkenik, Nafarroako ikastetxeetako eskola-curriculumean eta bizitzan ijito-kulturaren ikusgarritasuna eta balioak sustatzea”.
Material didaktikoez gain, Juan Ramón Hernández kasedarrak idatzitako liburu bat ere aurkeztu dute, ijito-herriaren historiari eta balioei buruzko "ikuspegi sakonagoa" ematen duena. Ricardo Hernándezek, Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko koordinatzaileak, ziurtatu du material horiek “hezkuntza-sistemak ijito-komunitatearekin duen zor historiko bat konpontzeko urrats garrantzitsua” direla.
Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariak positiboki balioetsi du ekimena, "ijitoen nortasuna ikusarazten" eta "ikasleak hezkuntzaren esparruan integratzen lagunduko” duelakoan.